Jakin-min itzela zegoen. Aretoa jendez gainezka. Tokia: Circo antzokia. Kokapena: gaur egun Florida zinemak dauden lur orube bera. Aretorako sarbidea Ortiz de Zarate kaletik egiten zen. Ordua: 15:30. Data: 1896ko azaroak 1, Domu Santu eguna, alegia. Ikusminaren arrazoia: Lehen filmaren proiekzioa Gasteizen. Filmaren titulua: Un baño de negros. Gaurko ikuspuntutik ikusita, titulu politikoki aski ez zuzena. Julio Corralek ederki islatu du orduko hartan Gasteizen zegoen giroa, baita ikuskizunak sortu zuen kalapita ere. DNA kazetan argitaratu du, joan den apirilaren 9an, hain zuzen, Historias de antaño y hogaño izeneko sailean. Izatez, argazki animatuak ziren, baina mugimenduaren efektua lortzen zuten. Film hartan ama batek bere semea bainatzen zuen. Hor nonbait, eszenak publikoa hunkitu egin zuen eta txalo zaparrada ederra piztu zuen. Corralek orduko kazeten kronikak jaso ditu eta, haien arabera, hurrengo egunetan proiekzioek jarraitu egin zuten. Bertaratzen zen jende oro aho bete hortz geratzen zen ikuskizun berriarekin. Baina, Gasteiz ez da New York, ez XIX. mendean ezta XXI. mendean ere. Azaroaren 9an proiektatu ziren filmen artean bazegoen bat May Irwin kiss (YouTube-n duzue ikusgai). William Heise zuzendariak New Yorken egindako film baten zatitxo bat baino ez zen eszena hura. Berton, May Irwin eta John C. Rice aktoreek elkarri ematen zioten musua, musu ttipi asko egia esanda. Ez zen eszena sutsua inolaz ere; bai, ordea, orduko garaiaren adierazle. Hala ere, Gasteizko moral kontserbadorearentzat gehiegizkoa izan zen. Batzuen esanetan, eszena hura putetxe batean filmatua zen, zerbait pornografikoa. Unidad Catolica-Foral taldeak gobernadoreari "deabruaren asmakizuna" zen tramankulu haren debekua eskatu zion. Zorionez agintariak ez zien kasurik egin eta eskariak ez zuen bere helburua lortu. Horrelakoxea zen gure Gasteiz XIX. mendearen amaieran. Mila esker Julio Corrali gogoratzeagatik. Eta zuek, ikus ezazue faborez, lehen musu hori interneten. Bere zuhurtasun horretan, badu morbo puntu bat.