Zutabea idazten ari naizela ikusten dut. Nire begien aurrean daukat arbelezko teilak dituen piramide sendoa. Kasik egunero botatzen diot begirada bat. Gelako leihotik ikusita, marra zuzenean, 250 metro egongo dira. San Frantzisko Asiskoaren elizaz ari naiz. Luis Peña Gantxegi arkitekto oñatiarrak egin zuen proiektua eta 1968an amaitu ziren obrak. Mende erdia igaro arren, ezer gutxi aldatu da bere baitan. Inguruan, berriz, etxeak izan ezik, dena mudatu da; kaleen norabidea, espaloien zabalera, baita inguruko ikastetxeak ere. Baina eliza bera ez. Eraiki zutenean modernotasunaren ikurra zen, elizak garai berrietara egokitzeko ahalegin ikoniko nabarmena. Orduko Gotzaindegiak asmo hori buruan zuelako adibidea da baita ere urte batzuk lehenago orduko El Generalísimo kalearen inguruan eraikitako Los Angeles parrokia, diseinuz abangoardista eta zenbait arkitektura-sariren jasotzaile izan zena.
Zortzi urte geroago, 1976an, San Frantzisko Asiskoko tenpluan bertan jazotako gertaera lazgarriek zeharo zartatu zuten aire moderno hura. Orduz geroztik, tenplu hori Martxoaren 3koa da. Larunbat honetan 42 urte beteko dira "hura" gertatu zenetik. 504 hilabete, 15.340 egun justiziaren zain, barkamenaren zain, azalpenen zain. Beti, zain.
Memoriaren pleguak benetan bitxiak dira. Nik 10 urte nituen tenplu horrekin lehendabiziko kontaktua izan nuenean. Egin berria zen orduan. Gurasoek hara eraman ninduten "konfirmazioa" deitzen zen sakramenturako prestatzeko. Han apaiz batek eskolak eman zizkigun. Saio pare bat edo. Nik, egia esanda, ez nion kasu zipitzik egin. Harrituta nengoen eraikinarekin. Hark ez zuen zerikusirik betiko eliz zaharretan antzematen zen usain eta giro ilun-goibelarekin. Han argia zen nagusi. Goialdean ez zegoen betiko eszena santujaleak proiektatzen zituzten beiraterik. Gu eskolak jasotzera esertzen ginen porlanezko eskaileren ondoan, ertz gorri-iluna zeukaten argizulo biribil handiak zeuden. Argitasun naturala zen nagusi; espazioari sentsazio bizigarria ematen zioten. San Frantzisko desberdina zen.
Gerora inguru horretan izandako triskantzak ez zuen aldatu nik eraikinarekiko nuen pertzepzioa, baina burmuinean, aurreko pleguaren ondoan beste bat gehitu zen, inoiz ezabatuko ez dena. Memoriaren pleguak dira.