Berrituta. Hobetuta. Horrela etorri zaigu aurten ALEA. Itxuraldatuta, azalez eta mamiz, gorputzez eta arimaz. Taldea bera da. Edukien filosofia antzekoa, baina irudia kanbiatu da. Garbiago, eskuragarriago, ikusgarriago. Eskertzekoa da emaitza baita egindako ahalegina ere. Zorionak, bene-benetan talde osoari.
Irudia. Denok gara horren morroi edo horren jabe, baita modaz paso egiten duela dioena ere. Azken batean, horrek ere modak ezarritako erreferentea du buruan. Ez dakit inoiz pentsatu duzuen egun zenbat jende egon litekeen lanean soil soilik nagusi edo erreferente izango diren irudi horiek sortzen, birsortzen, oratzen, osatzen, azken batean gure iruditeria fabrikatzen. Komunikazio kabineteetan, diseinu munduan, publizitate agentzietan, komunikazio aholkularitzetan, komunikabideetan, argazkigintzan, arte galerietan, zinema munduan, think tanks horietan… Izan ere, irudiez jositako munduan bizi gara. Internetek, jakina, dena aldatu du.
Sarea. Norbanakoek osatzen dute sarea. Norberak erabakitzen du in edo out egotea. Armiarma kontrolik gabe zabaltzen da. Gasteiztik Singapurrera. Kabuletik Alaskara. Sareaz ari gara. Komunitatea beste gauza bat da, askoz indartsuagoa den kontzeptua eta irudia da. Komunitatea osatzeko sarea ez da aski. Komunitatea eratzeko borondatea eta proiektu zehatzak behar dira; kolektibitatearen parte sentitzea. Nago ALEA, GEU taldea, Oihaneder, Kafe Antzokiaren egitasmoa, mintza-lagunak, Geurekin mendira eta irakurlearen kluba bezalako esperientzien inguruan mugitzen den, aritzen garen eta osatzen duzuen guztiok komunitate dezente majoa osatzen dugula. Agian, orain arte, geuk ere ez diogu duen garrantzia aitortu. Bada garaia; izan ere ikaragarria da nola aldatu den azken hamarkada honetan hiri eta herrialde honen euskaldunon paisaia. Segi dezagun, beraz, azalez eta mamiz Alea laguntzen eta hobetzen. Jarrai dezagun egunero euskal komunitatea eraikitzen.