Kirrinka

"Demokrazia ez da lau urtetik behin praktikatzen den kirola".

Oraingo trenak ez du txa-txa-txa-rik egiten. Askoz isilagoak dira. Tranbiak ere apenas egiten du zaratarik. Beno, bihurguneetan bai; halako piii xume baino sarkor bat egiten du. Horregatik, akaso, sortu du hainbeste zalaparta Gasteizko tranbia Adurtzara eramateko proiektuak.

Urriaren 23an Gasteizko Udalbatzaren bi herenek –18 zinegotzik– udal gobernuari (EAJ-PSE) mandatua eman zioten: herri-kontsulta antola dezala bertoko auzo-lagunek beren iritzia azal dezaten. Gorka Urtaranek, ordea, biharamunean ezetz esan zuen eta Administrazioarekiko Auzitegiaren aurrean helegitea iragarri zuen. Bere iritzia: "Kontsulta ezin da egin, ilegala da, tranbiaren eskumena Jaurlaritzarena da eta, gainera, obrak esleituta daude". I-le-ga-la. Katalunian urriaren 1ean izan zen erreferenduma ere ilegala zen Espainiako legediaren ikuspuntutik. Urtaranek, ordea, babesa eman zion. 

Auzi honetan egintza burutuen politika nagusituko dela dirudi. Antzera gertatu da AHTri ematen zaion diruarekin. Aurten Jaurlaritzak  350,5 milioi euro eman dizkio. EHUri, berriz, 307,9 (iaz baino %1,27 gutxiago). “Izan ere, obra horiek hasita daude; ezin da besterik egin” diote. Ez nago ados. Demokrazia ez da lau urtetik behin praktikatzen den kirola. Egunero gauzatu behar da.

Gasteizko tranbiak ez du txa-txa-txa-rik egingo; Urtaranen jarrerak gero eta gehiago beste zerbait egiten du: kirrinka.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago