Sosegua

"Gurean badira agintari gatzgabe, motel eta txar ugari. Hala ere, jendearen atxikimendua dute."

Berba. Hitz totemikoa. Hiztegian hainbat auzo-lagun ditu: berbabide, berbadun, berbaera, berbaro, berbagabeko, berbartu (totela)… Berbak sekulako garrantzia du. Berak markatzen du eremua, polarizatzen ditu sentimenduak: gorrotoa, maitasuna, axolagabetasuna,… Neuronak berpizteko gai da; baita hibernazioan jartzeko ere. Hitz batetik bestera alde txikia dagoela dirudi. Baina ez pentsa. Berbatik berbarora, tira. Handiagoa da berbatik berbenara eta zer esanik ez berbatik barbariera edo basakeriara.

Asaldura nagusi da azken asteotan; komunikabideetan behintzat. Horrelakoetan asko eskertzen da sentimenduak, emozioak, ideiak argi eta garbi transmititzen dituzten eledunak; berbak maisuki menperatzen dituzten eragileak, politikariak, pertsonak. Mintzamena. Dastamena. Gozamena. Betidanik pentsatu dut eledun ona izatea ezinbesteko baldintza dela gaur egun gizarteko posturik gorenetara iristeko. Oker nengoen. Gurean edo guretik gertu badira agintari gatzgabe, motel eta txar ugari. Hala ere, jendearen atxikimendua dute. Hitza hain garrantzitsua bada, zergatik erdipurdiko hizlariek lortzen dute sarritan atxikimendu gehiago hizlari trebeek baino? Nire uste apalean, gaur egun, oraindik ere, gizartearen sektore handi batek nahiago dituelako eledun kaskar baina sosegua eskaintzen duten horiek, utopia ederrak irudikatzen dituztenak baino. Ez gaitezen engaina: sosegu hori establishment deitzen den horrek ekoitzitako pilula lasaigarria da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago