Arnas

Joan den ekainaren 3an Errekaleorren aldeko manifestazioa egin zuten. /Alea

"Gorka: krisi baten aurrean usoa edo belatza izan zaitezke, inoiz ez ostruka".

Abuztua ate joka. Jai giroa mokoka. Atsedena, patxada-garaia. Har dezagun arnas. Errekaleor Bizirik ekimenaren bultzagileek ere lasai har dezakete arnasa; momentuz, bederen. Joan den astean amaitzen zen, Argi izpiak iluntasunean proiektuaren barruan, 100.000 euro batzeko epea. Auzoa eguzki plakez argitu nahi dute. Epea amaitu baino hiru egun lehenago batu dute dirua. 1.200etik gora pertsonak lagundu dute egitasmoa. 50 egunetan 100.000 euro Coopfunding sistemaren bidez. Argirik gabe badaude ere, aparteko magnetismoa dutela erakutsi dute.

Gorka Urtaran alkateak, ordea, ez du berdin ikusten. Ez du aintzat hartu Arabako 18 arkitektok eta aparejadorek egindako txosten teknikoa non espresuki aipatzen den auzoa bizitzeko egokia izateaz gainera, higiene eta osasungarritasun-baldintzak ere onak direla. Txostenaren mamiari heldu ordez, Errekaleorreko bizilagunen desprestigioa bilatu du: “Nortzuk dira haiek txosten bat egiteko?; Ernaik eta ezker abertzaleak zuzentzen ditu”. Gorka: krisi baten aurrean usoa edo belatza izan zaitezke, ezin zarena inoiz izan ostruka da.

Gasteiz kafe antzokiaren egitasmoaren inguruan, Udal Gobernuak adostasuna bilatuko duela hitzeman du, “Auzolana” frontoia mantenduko duela alegia; euskalgintzako eragileekin elkarlanean. Zorionak. Orain galdera: Gasteiz antzokiaren inguruan adostasuna posible bada, zergatik ez Errekaren inguruan?

Har dezagun arnas.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago