Miguel Angel Blancoren hilketa ez zen "beste hilketa" bat izan. Ez. Oso berezia izan zen. Bahiketa bera, emandako ultimatuma, exekuzioa burutzeko modua, oihartzun mediatikoa? Dena izan zen berezia.
Atzo izan balitz bezala gogoratzen dut. Larunbat arratsaldea zen. Gamarrako igerileku publikoetan nengoen familiarekin. Okerrena gerta zitekeela bagenekien, baina beti espero duzu "zer edo zer"-en bat, patua idatzita ez dagoela berretsiko duen zerbait.
Gugandik gertu, beste familia bat. Euskaldunak, haiek ere. Seiak jota izango ziren. Ondoko bikotearen semea, bederatzi edo hamar urtekoa, igerilekutatik korrika etorri zen aztoratuta, ozenki oihuka: "Aita, aita, tiro bat ez, bi izan dira; bi". Miguel Angel Blancoren hilketaz ari zen. Orduan ez zegoen oraindik hilda. Biharamunean hil zen. Ez dakit nola arraio enteratu zen bere adinerako helduegia zirudien mutil hura. Irratiko aurikularrak jarri eta mutilak iragarritakoa berretsi egin nuen. Izua. Eztarrian korapilo, ahoa lehor.
Ez; ez zen beste hilketa bat izan. Orduz geroztik gauza asko aldatu ziren. Maila guztietan ziklo aldaketa ekarri zuen megagertaera izan zen. Kepplinger eta Habermeier adituek key event edo "gertaera gako" bezala definitzen duten jazoera horietako bat izan zen. Hainbat efektu izan zituen: lehendik zetorren ETAren gainbehera etikoak pauso erraldoia eman zuen; ezker abertzalearen lintxamendu politikoa zabaldu zen, eta aztoramen horrek hedabideetan izan zuen isla. Diario 16 kazetan, hilketaren biharamuneko azalean, hiru hitz baino ez ziren agertzen: "Hijos de perra".
ETAk ankerkeria zitala burutu zuen. Horren haritik, komunikabide askok marra gorri etiko guztiak ere zapaldu zituzten. Aitzakia perfektua topatu zuten zilegi eta demokratikoak diren eskubideak –autodeterminazioarena, kasurako– kriminalizatzeko. ETAk urrezko oparia egin zien komunikabideei: mundu osora zabaldu zen megagertaera. Zinemako gidoigilerik onenek ere ez zuten hobeto asmatuko. Jazoerak osagai guztiak zituen klimaxa lortzeko: intriga, ultimatuma, erlojuaren tik-tak-a, biktima apal bat eta? herioa. Erraietako kazetaritza hauspotu zen, eztabaida politikoa ukatzen duen desinformazioa egiteko modu gordin bat.
Ez. Ez zen beste "hilketa bat" izan. Arazoak arazo badira ere, zorionez, gaur egun, beste egoera batean gaude.
Berria egunkarian argitaratutako artikulua.