ADN

"Nago Gasteiz eder honetan den-denok bizi gaitezkeela, elkar errespetatuz"

Gasteizko alkateari zuzenduta dago zutabea. Urtaran jauna: bihotzez esaten dizut, jakin ezazu lerro hauek sinatzen dituena izugarri poztu zela zu zeu alkate aukeratu zintuztenean. Benetan diotsut.

Bi urte igaro dira. Tartean Errekaleor agendaren erdian kokatu da. Egin dituzun adierazpenetatik batek bereziki harritu nau: "Euren [gazteen] ADNaren parte da administrazioekin ez negoziatzea"; izan ere, zure ustez gazte hauek "anti-sistema" dira.

Erretorikan urrezko legea da ondorengoa: jendaurrean zerbait garrantzitsua esan aurretik, lehenengo eta behin idatzi; ondoren, irakurri, gogoeta egin eta, egokia dela iruditzen bazaizu, orduan esan. Nire ustez, zuk ez zenuen aholku hori bete. Izan ere, ederki asko dakizu zeuk, nik bezala, Errekaleorren dauden zenbait gazteren guraso eta, batik bat, aitona-amonak zure alderdiaren militante edota boto-emaileak direla. Izenak eman nahi? Harrituta daude. Haiek bezala, besteok ere, orain enteratu baikara, EAJ bera ere anti-sistemaren haziaren eroale dela. Sukarrietako hilobian, Sabino Aranaren hezurrak intzirika hasi dira.

Nago Gasteiz eder honetan den-denok bizi gaitezkeela, ez armonia ederrean; bai elkar errespetatuz. Gorka, arren, izan zaitez zentzudun. Bestela, hurrengo anti-sistema, agian, zure semeak izango dira. Izan ere, kontu horiek, badakizu ADNan eramaten dira, ezta? Konpondu, mesedez, konpondu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago