Duela egun batzuk Kirmen Uribe idazleari galdetu zioten telebistan ea zer eskatuko zion berak Jaurlaritza berriari. Kirmenek, ohikoa duen irri natural eta begirada konplizearekin, hauxe esan zuen: "Zoriontasuna; herritarren zoriontasuna bila dezala". Bitxia iruditu zitzaidan erantzuna, sortzaile baten neurrikoa. Baina, nola neurtu liteke zoriontasuna? Izan ere, neurgailu adina erantzun egon litezke. Norberaren abiapuntu emozionalak ere asko markatzen du erantzuna.
Azkenaldian, denok aztoratuago gabiltzala iruditzen zait; ez soilik ibilkeran, baita hizketan ere. Toki guztietara azkar goaz. Trena edo bizia dugu jokoan? Zer moduz? Ohiko galderari "nekatuta" entzuten dut gero eta maizago. Solasaldiak baino bakarrizketak entzuten ditut, gero eta gehiago. Solasa, jolasa, denbora-pasa, mintzaideak, bidaideak. Horiexek maite ditut.
Bestetik, ordea, lana gizartearen ardatz bilakatu da. Lanaren apologia egiten du gure lehendakariak. Sakralizatu ere egin du. Oso euskalduna omen. Lana du berak, noski. Bada, aizue, nik zutabe hau amaitzeko Ruper Ordorikaren Joan lasai kanta jarri dut sakelakoan: Gora eta behera dabil ene gogoa, ez daki zuzen nondik nora joan. Joan soseguz, lasai joan, haizea lagun da aldaketan. Joan soseguz, lasai joan, pausoa luze eman leunean. Zoriontsuago amaitu dut zutabea.