Ekainaren 26ko hauteskundeen ondoren, han eta hemen, modu sotilean edo ageriagoan entzuten den burrunba da. Gerontofobiaz ari naiz. Gerontofobiak adiera desberdinak ditu: zahartzeko/zaharrei beldurra edota adinekoekiko gutxiespena. Zenbait forotan azken adiera hori azaleratu da. "Zilegi al da 80 urtekoek haien biloben etorkizuna erabakitzea?", galdera irakurri dut sarean. Ikaratu ere egin naiz. Zer egin behar dugu zaharrekin orduan? Hil?
Estatistikoki probatuta dago PPren boto-emaile gehienak 65 urtetik gorakoen artean daudela. Beste alderdien boto emaileekin alderatuta nabarmen "zaharragoak" dira PPkoak besteenak baino. Haiei egozten zaie PPren garaipena estatuan. Araban ere indar handia du alderdi horrek. Betidanik gainera. Bigarren indar politikoa izan da 34.162 botoekin (%20,4).
Arazoa ez dago boto emaileen adinean baizik eta boto hori ahalbidetzen duten arrazoietan. Mila aldiz galdetu diogu geure buruari nola liteke, jausten ari den guztia jausita, emaitza horiek izatea? Nola? Nik ere ez nituen emaitza horiek espero. Dakidana da, ordea, boto kontserbadoreak betidanik izan duela tradizioa Araban. Historikoki horrela izan da.
Adin piramideak duen joera ikusita, garbi dago sare sozialetan lan egiteaz gain, jubilatuen etxeetan ere lan egin beharko dela, etorkizuna –paradoxikoa bada ere– haien esku baitago.