10:30ak

Noiz arte jasan behar dugu finantza entitatetatik horrelako traturik?

Martxoaren 4an gertatu zen, Vital Kutxak Legutioko atean, 28. zenbakian, duen bulegoan. Bertara abiatu nintzen 09:50ak aldera ordainketa bat, efektiboan, egiteko asmoz. Mota horretako ordainketak egiteko muga-ordua ezarrita dago aspaldi: 10:30ak.

Ilaran 23 pertsona geunden. 10:15ean beste nonbaiten egon behar nuen, nahitaez. Une hartan bi langile zeuden bezeroen ordainketak atenditzen. Beste langile batzuk beste zereginetan zeuden, euren lan-mahaietan. Ilara astiro mugitzen zen. Bezeroen artean, haserre sekulakoa: "Ez dago eskubiderik", "nolatan ez dute langile gehiago jartzen ordu hauetan?". Leihatiletan zeuden langileak ere urduri: "hor duzue zuzendaria, harengana jo ezazue faborez", adierazi zigun enplegatu batek adeitsuki. Harengana joan ginen hiru lagun; alferrik. Dotore jantzita zegoen zuzendari jauna; ongi jesarrita. Honela esan zigun, betileak higitu gabe: "Internetetik egin dezakezue, edo zuen ohiko kutxaren bidez". Kito. Alperrik ziren kexak. Buelta ilarara. 20 minutu pasatxo eman ondoren, alde egin behar izan nuen, suminduta eta ordainketa egin gabe.

Kutxabankek 150 milioi euroko mozkinak izan zituen 2014an. Teoriaz kontrol publikoa duen entitatea da. Noiz arte jasan behar dugu entitate finantzarioetatik horrelako traturik? Hau al da pertsonen zerbitzura egotea? 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago