Bihotzaren giltza

Likidoa. Horratx modako hitza. Botoa inoiz baino likidoagoa bihurtu da.

 

Likidotasun horrekin botoak alde batetik bestera igarotzeko/ihes egiteko duen ahalmena azpimarratzen da. Garai bateko gotorlekuek, gaur egun, inoiz baino ahulago dirudite.

Zer gertatu da? Nabarmena da politika egiteko erak dezente aldatu direla. Tokitan dira betiko mitin aspergarri luze haiek. Orain, ikus-entzunezko produktu dira. Ikuskizunetan dena zaintzen da. Pertsonaiak, trama, atrezzoa, figuranteak, klimaxa… dena da garrantzitsua; baita teknologia berriek eta, bereziki, sare sozialek produktua zabaltzeko duten eragina ere. Di-da batean gertatzen da dena. Etorri den bezala joan bide da, arrastorik utzi gabe. 

Politika ikuskizun bilakatu da. Legebiltzarrak telebistako platoak bihurtu ei dira. Nik ez dakit hori ona edo txarra den. Inpaktua lortzeko denak ez du balio. Ados. Baina politika egiteko modu horiek ezin dira sakralizatu edo errefusatu, berorietan zabaltzen den mezua aztertu gabe. Hedabidea bera mezua da, aspaldi profetizatu zuen Marshall McLuhan-ek. Garbi dagoena da aktore horiek eraginkortasuna bilatzen dutela. Eta xede hori lortzeko bozeramaile onak izan behar dira; audientzia liluratzeko gai diren mintzaideak, argi eta garbi mintzo diren eledunak, begietara zuzen-zuzenean so egiteko gai diren pertsonak. Izan ere, hitza, bihotzaren giltza da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago