Esaidak

Esaidak bada, esaidak zein duk orduan hire konponbidea? Eh zein?, Hik diplomazia, historia, kultura, heziketa, negoziazioa ta bestelako pitokeriak aldarrikatzen dituk; baina, ikusiko duk, laster zakur zital nazkagarriok gure seme-alaben buruak erakutsiko zizkigutek harro harro Youtuben. Orduan ere moritoei hemen alfonbra gorria jarri behar zaiela esaten jarraituko duk? Rajoyk esango lukeen bezala, "Horraino aipuaren amaiera". Joan den astean etxe ondoko tabernan, kafe bat hartzen ari nintzela entzundako elkarrizketa izan da. Alboko mahaian nengoen, bakarrik. Sumindutako proklamaren egileak 40 urte inguru zituen; itxuraz, oso hemengoa. Haren solaskidea, isilik. Deseroso nengoen. Alde egin nuen.

 

Siriako gatazka etxeraino sartu zaigu. Irtenbide militar kirurgikoa defendatzen dutenek irtenbide zibila defendatzen dugunoi presioa egiten digute, arazoari berehalako konponbidea eman behar zaiola esanez. "Bonbardaketak egitea ez badago ondo, zer orduan?".

 

Lehen laguntzako KITak dauden bezala, inbasio kirurgikorako KITa nahi dute. "Eman alternatiba, esan zein den konponbidea". Nik ez daukat konponbiderik. Hobe esanda, nik ez daukat mendeetan sustatutako gatazka bost astetan konponduko duen formula aplikatzeko eskulibururik. Fantasma izugarri bat Europa osoa zeharkatzen ari da: xenofobia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago