MANIFESTUA

Euskaraz bizi nahi dugulako

Erabiltzailearen aurpegia Topagunea 2023ko abe. 2a, 06:00

"Euskaltzaleen mugimendu sendoa beharko dugu, harreman-sare berriak eta ez ohikoak sortuko ditugu, euskalduntze sistema modu integralean irudikatuko dugu eta euskaldun izateko modu berriak hausnartuk"

Euskararen munduan hamaika (euskarak berak ematen duen zentzu kuantitatibo neurgaitza) kanpaina eta dagokion lelo sortzen dira urtero, hilero, astero... Eguneroko jarduna baita euskalduna izatea.

Baina, lelo gutxik laburbiltzen du Euskaraldian erabili izan dugun honek bezain modu argi eta sintetikoan gure etorkizuneko bisioa: “gehiago, gehiagorekin, gehiagotan”.

Euskaraz gehiago hitz egin nahi eta hitz egin ahal dugulako; euskaraz gehiagorekin, hiztun gehiagorekin, hitz egin nahi dugulako; euskaraz gehiagotan, toki, esparru, testuinguru gehiagotan egin nahi dugulako.

Euskara gehiago erabili nahi dugulako, alegia. Euskara “inperfektua” perfektua delako bide honetan eta euskara garatua ere behar dugulako. Eta ez edonola, hitzez egin nahi dugu, hitz egin, hizketatu, berba egin, jardun, mintzatu, solas egin, ele egin, ele eman, elekatu, iharduki, mintzo, izan, solastatu, ele, erran, elestatu... Euskara doinu eta
hizkera gehiagorekin blaitu nahi dugu, horrek emango baitio bizitzeko arnasa eta hauspoa.

"Euskararen erabilera da etorkizunerako erronka eta erabileran jauzi bat egin behar dugula irudikatu dugu, aurrera jauzia, gorantza jauzia eta jauzia batera, elkarrekin."

Hitz eginez, komunitateko kide sentitzen garelako eta sentitzen gaituztelako. Hitz eginez, beste hiztunekin konektatzen dugulako. Hitz eginez, ez garelako arrotzak, gertukoak baizik. Euskara bizikidetzarako elementu ezinbestekoa dela badakigulako, pertsonak hurbildu eta komunitateen arteko elkarrekintza ahalbidetzen delako.
Euskararen erabilera da etorkizunerako erronka eta erabileran jauzi bat egin behar dugula irudikatu dugu, aurrera jauzia, gorantza jauzia eta jauzia batera, elkarrekin.

Eta horretarako ikuspegi bat badugu, euskara biziberrituz guztiok hobeto bizitzeko, ekintzaren bidez gizarte eraldaketa bat probokatu nahi dugulako: horretarako euskaltzaleen mugimendu sendoa beharko dugu, harreman-sare berriak eta ez ohikoak sortuko ditugu, euskalduntze sistema modu integralean irudikatuko dugu eta euskaldun izateko modu berriak hausnartuko. Eta horretarako guztirako, lankidetza eta akordio soziopolitiko berrituak josiko ditugu. Aniztasuna, inklusioa, aldekotasuna, ezberdintasuna, berdintasuna, eraldaketa,... herrikoia, nazionala, komunitatea, kultur aniztasuna, intersekzionalitatea, bizikidetza, justizia soziala, kontzientzia, kultura, artikulazioa, biziberritzea, motibazioa, ahalduntzea, adorea, ausardia, anbizioa... Ez dira kontzeptu soilak, gure erroteria olioztatzen duten elementuak baizik.

Baina, motorea, perpetuum mobile, aspalditik martxan dagoena, berezko energia duena baina elikatu ere egin behar dena, euskaraz bizitzeko nahia da, euskalduna izatearen nahia.

Inork ez du esan erraza denik ezta izango denik ere, hala ere, inork ez digu euskalduna izateko baimenik eman behar. Horra hor gure jauzirako motorearen txinparta.

Euskaltzaleen Topagunea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago