Urrian, Balio Faktoriaren ardatza Marla Gutierrez «artibista» (artista-aktibista) lesbianaren bisita izango da. Mexiko Hirikoa bada ere, ia 30 urtez San Cristobal de las Casas hirian (Chiapas) bizi izan da. Gaur egun, K'inal Antsetik erakundearekin lan egiten du; elkarte hori SETEM Hego Haizearen aliatua da.
Chiapasko ahotsak: emakume indigenak borrokan beren eskubideen alde biraren barruan, Marlak bi solasaldi eskainiko ditu: asteartean, Muskizen (Bizkaia); eta ostegunean, Gasteizen (Araba).
Informazio guztia honako lotura honetan topatuko duzue.
Eskubideen eta lurraldearen defentsa
Lehen topaketa urriaren 22an, asteartean, izango da, 18:00etatik aurrera Muskizko Kultur Etxean. K’inal Antsetik-eko emakume indigenen borrokak. Eskubideen eta lurraldearen defentsa Chiapasen izenburupean, Marla Gutierrezek K’inal Antsetik («emakumeen lurraldea», maia tzotzil hizkuntzan) erakundearen lanaren berri emango du. Elkarte horrek hamarkadak daramatza emakume indigenei laguntzen, beren antolakundeak eta lidergoak indartzeko.
Muskizen, K’inaleko kideak emakume horien egungo egoeraz hitz egingo du, bai eta hainbat arlotan egiten duten lanaz ere, hala nola: indarkeria matxistaren kasuak jatorrizko hizkuntzetan artatzea, Lurraldearen Zaindarien Sareak sortzea, edo emakume artisauen kooperatibak babestea.
Lesbofeminismoa Araban eta Chiapasen
Bestalde, bigarren solasaldia urriaren 24an izango da, ostegunean, 19:00etan Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiaren lokalean, Pintore kaleko 47. zenbakian.
Harrotasuna mugen gainetik: lesbofeminismoa Araban eta Chiapasen izenburupean, topaketa hau oso berezia izango da. Izan ere, 2015ean, Identitate lesbikoak, mugen gainetik proiektuak bi lurraldeetako emakume lesbianen arteko zubiak eraiki zituen, istorioak, bizipenak eta kontakizunak partekatuz. Horiek guztiak argitalpen batean, dokumental batean eta PikaraLab batean islatu ziren.
Marla Gutierrezek berak eta Klaudia Ugartek (Ikusgune) esperientzia hura ezagutzera emango dute, eta azken urteotan, itxuraz hain desberdinak diren testuinguruetan, lesbofeministen bizitzak eta borrokak nola aldatu diren aztertzera gonbidatuko gaituzte. Horrez gain, etorkizuneko estrategiak eta perspektibak ere partekatuko dituzte.
Nor da Marla Gutierrez?
Marla Gutiérrez «artibista» (artista-aktibista) lesbiana da. Mexiko Hirikoa da, baina azken 30 urteetan San Cristobal de las Casas (Chiapas) hirian bizi izan da.
Marla Gutierrez, eskuinean, Yolanda Castrorekin batera, 2015ean Euskal Herrira egindako bisita batean. Argazkia: BERRIA
Bertako mugimendu feministan, besteak beste, hamar urte eman ditu La Casa de la Luna Creciente Kultur Zentro Feminista koordinatzen. Halaber, 80ko eta 90eko hamarkadetan Chiapasko emakumeen mugimenduan emakume lesbianek izan zuten parte-hartzea kontatzen duten zenbait bideo zuzendu ditu.
Gaur egun, K’inal Antsetik elkartearekin lan egiten du, CEFOCAMen, Jolom Mayaetik («ehule maiak», tzotzil hizkuntzan) emakume indigenen ehungintza kooperatibaren eta RECOSUR Hegoaldeko Kooperatiben Sarearen ekoizpen-prozesuetan lagunduz. Bidezko merkataritza sustatzen du bertan, justizia ekonomikoa eta soziala sustatzeko.
2008az geroztik, emakume artisauen kultura-ondarearen eta beren diseinuen gaineko jabetza intelektualaren defentsari buruzko elkarrizketak bultzatu ditu, egiletza eta antzinako herentzia hori errespetatzea sustatzen duten lankidetza-hitzarmenak sortuz.
K'inal Antsetik, emakumeen lurraldea
1995. urteaz geroztik, K’inal Antsetik elkarte zibilak emakumeen erakundeak eta lidergoak indartzen lan egiten du, prestakuntza eta trebakuntza prozesuen bidez, emakumeek beren komunitateetako bizitza sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalean rol protagonikoa izan dezaten, eta, aldi berean, haietan jokatzen duten genero-rol tradizionala eralda dezaten.
Nazioarteko lankidetzari dagokionez, SETEM Hego Haizeak erakunde horren proiektu ugaritan parte hartu du: besteak beste, emakume lesbiana indigenen eskubideen alde, agroekologian edo prestakuntza eta trebakuntza zentro baten garapenean. Zentro horrek hainbat arlo biltzen ditu: ekoizpena, ehungintza, osasuna eta komunikazioa.