Krisi energetikoa, gerrak, baliabideak agortzea, ziurgabetasuna… Albisteek eskaintzen duten egoera etsigarriaren aurrean, «Erresistentzia doinuak: gakoak eta proposamenak zalantzazko etorkizun baten aurrean» hitzaldian, egunerokotasunean alternatibak eta etorkizun posibleak eraikitzen laguntzen diguten gako eta proposamen zehatzak aztertuko dituzte.
Horretarako, Carlos Taibo izango da Gasteizen. Idazlea, editorea eta 30 urtez Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Zientzia Politikoko irakaslea izan da Taibo. Hainbat liburu idatzi ditu desazkundeari, kolapsoari eta ekofaxismoari buruz, beste gai askoren artean.
Hitzaldiaren egunean, Taiboren obretako batzuk eskuragarri egongo dira Eva Forest Liburutopian. Gasteizko Alde Zaharrean (Santa Maria kantoia, 4) kokatuta dago liburu-denda eta kafetegi berria, laster urtebete egingo du, eta, lehen aldiz, SETEMekin lankidetzan arituko da jarduera hau posible egiteko.
Gainera, Celeste Agüero jatorri argentinarreko migrante, kantari, irakasle, esatari eta olerki-xuxurlariak jarriko dio soinu-banda hitzaldiari. Kantu eta poesiaren bidez, Agüerok gure herrietako borrokak eta sentipenak aldarrikatzen ditu, cuatro llanero izeneko bere musika tresnarekin Abya Yala eta Euskal Herriko egileen errepertorio anitza interpretatuz.

Balio Faktoriaren 2024/2025 ikasturtea
Hitzaldi-kontzertu honekin, Balio Faktoriaren 2024/2025 ikasturtea inauguratuko du SETEM Hego Haizeak. Formakuntza eraldatzailerako programaren VIII. edizioa maiatzera arte garatuko da, eta kontsumo kritiko, arduratsu eta eraldatzailearen inguruko ikastaroak, tailerrak, topaketak eta elkartasun auzolandegiak eskainiko ditu.
Zer gai jorratuko dira hilero? Inaugurazio ekitaldian bertan eta irailaren 25etik aurrera, ikasturte berriaren programazioari buruzko xehetasun gehiago emango dituzte.
Oraingoz, Celeste Agüerok asteazkenean eskainiko duenaren aurrerapen txiki bat duzue hemen:
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!