SETEM Hego Haizeak ekainaren 26an, asteazkenean, 17:30etik aurrera Bilboko Ekonopolon (Harrobi plaza, 4) antolatuko duen Kontsumoa eta Indarkeria Matxisten inguruko Foro Irekira gonbidatu nahi ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako emakume* eta pertsona ez bitarrak. Plaza kopurua mugatua da, beraz, azkar ibili eta eman izena.
Indarkeria kontsumitzen dugu?
SETEM Hego Haizea 2016tik ari da galdera hori mahai gainean jartzen, ohiko ekoizpen eta kontsumo ereduaren eta indarkeria matxisten artean loturarik dagoen egiaztatzeko. Hainbat ikerketatan aurkitu dugun erantzuna da kontsumoan indarkeria horiek existitzen direla, eta naturalizatu egin direla, gure jendartearen gehiengoarentzat ikusezin bihurtzeraino. Are gehiago, barneratuta daude eta normaltzat hartzen dira.
Lehen ikerketa batean estetika, etxeko produktuak, elikadura eta hiriko mugikortasuna ikertu ondoren, bigarren ikerketan mugikorreko aplikazioak, fikziozko serieak eta energia ikertu genuen. Orain ikerketaren hirugarren fase bat garatu dugu, indarkeria matxistek EAEko aisialdiko kontsumoan nola eragiten duten aztertzeko.
Partaidetzazko ekintza feministako ikerketa prozesu hori bidaide askorekin batera egin dugu: Conchi Piñeiro eta Laura Lucio Gonzalez (Altekio – Iniciativas hacia la Sostenibilidad Enpresa Soziala), María Viadero Acha (Mugarik Gabe), Teresa Villaverde (Pikara Magazine), Tatiana Romero Reina (ikertzaile feminista independentea), Laura Modonato (feminismoei, migrazioei eta garapenari buruzko aholkulari independentea), Gisela Bianchi eta Savina Lafita (Errotik kooperatiba feminista), bai eta aditu gisa zein eztabaida taldeetan parte hartu duten beste pertsona asko ere. Haiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu.
Zer da Foro Ireki bat?
Ikerketaren ondorio nagusiak aurkezteko, Foro Irekia egitea erabaki dugu. Demokrazia Sakonaren eta Prozesuen Lanaren metodologia bat da, pertsonak biltzen dituena komunitatearen barruko gai zehatzei buruzko elkarrizketa sakonago bat izateko, eta polaritateak eta gatazkak prozesatzeko. Pertsona edo taldeen arteko elkarrizketa parte-hartzailea sortzea du helburu, eguneroko errealitateen alderdi ikusezinagoak eta sakonagoak azaleratuz, botere dinamikei arreta jarriz, gatazkak kudeatuz, pertsona guztien iritzia baloratuz eta komunitatea sortuz.
- Bideratzailea: Conchi Piñeiro, Bideratze eta Aldaketa Institutuaren (IIFACe) sortzaileetako bat eta bideratzaile aditua, Prozesuen Lan eta Demokrazia Sakoneko diplomaduna Prozesuen Lan Institutuan, Altekio kooperatibaren sortzaileetako bat, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Ekologia Saileko ikertzailea, 30 argitalpen zientifiko eta dibulgatzaile baino gehiagoren egilea, eta Indarkeria kontsumitzen dugu? ikerketa prozesua bere hastapenetatik lagundu duen talde eragileko kidea.
- Laguntzaileak: Magda López Gorritxo (SETEM Hego Haizea), Marta López (Altekio), Ro Trejo (Altekio) eta Maider Arnaiz (SETEM Hego Haizea).
Zu ere Foro honetan parte hartzea gustatuko litzaiguke, indarkeria matxisten eta kontsumoaren arteko loturan elkarrekin sakontzen jarraitzeko, eta kontsumitzeko beste modu batzuk nola eraiki ditzakegun hausnartzeko.
Foroan izena emateko formulario honen bidez egin dezakezu. Zalantzarik baduzu edo informazio gehiago nahi baduzu, idatz iezaguzu bilbao@setem.org helbidera edo 678 81 81 90 telefono zenbakira.
Foroan ikusiko dugu elkar!
Gaia interesatzen bazaizu, informazio gehiago duzu SETEM Hego Haizearen webgunean.