Ehungintzaren industriaz hausnartuko du SETEMen Balio Faktoriak

Erabiltzailearen aurpegia SETEM Hego Haizea 2024ko api. 12a, 14:00

SETEM Hego Haizeak modaren industriaren "haritik tira egitea" proposatuko du Balio Faktoriaren apirileko egitarauan. Erakusketa interaktibo bat, ehungintzako bi tailer Mottainai.ZGZ eta Marta Valdivielsoren eskutik, eta Top Manta eta Ker Fatou proiektuak elkartuko dituen mahai-ingurua izango dira.

Aurrera doa SETEM Hego Haizeak antolatutako Balio Faktoria kontsumo kritiko, arduratsu eta eraldatzaileari buruzko prestakuntza programaren 2023/2024 ikasturtea. 2013an Bangladeshko Rana Plaza eraikina erori zeneko urteurrena dela eta, apirilean ehungintza industriaren inguruko hausnarketan eta moda jasangarriko alternatiben eraikuntzan oinarrituko dira jarduerak.

Moda jasangarria: Modak traba egiten dizu? Tira haritik! izenburupean, Balio Faktoriak bost jarduera eskainiko ditu hilabete honetan, apirilaren 12tik aurrera; horietako lau Gasteizen (Araba) izango dira, eta horietako bat Muskizen (Bizkaia) ere egingo da.

Programari eta izen-emateei buruzko informazio guztia eskuragarri dago jada factoriadevalores.eus webgunean.

Erakusketa interaktiboa

Arropa Garbia nazioarteko kanpainarekin elkarlanean sortutako Kontzientzia ehunduz, ehungintza industriaren patroiak hautsiz erakusketa bisitatzen duen orok ehungintza industria globalaren egitura ehuntzen duten "harietatik tira egin" ahal izango du, jantzi baten bizitza erabilgarriaren etapa bakoitzaren atzean ezkutatzen diren ingurumen inpaktua eta lan esplotazioa azaleratuz.

Gainera, ikus-entzunezko esperientziaren bidez, gure eguneroko bizitzan eta kontsumo ohituretan aplika ditzakegun aldaketa proposamenak eskaintzen ditu erakusketak, ehungintza ekoizpen etikoagoa eta iraunkorragoa sustatzeko.

Sarrera librea apirilaren 12tik maiatzaren 2ra Pilar Gizarte Etxeko erakusketa aretoan, 08:00etatik 21:30era.

Apirilaren 12tik maiatzaren 2ra bisitatu ahal izango da erakusketa interaktiboa.

Ehungintza tailerrak

Apirilaren 12an eta 13an, ostiralean eta larunbatean, Mottainai.ZGZ ehungintza eko-feminista eta komunitarioko kolektiboak Orratz-elkarrizketak: Ehun-ekintzako lantegia gorputzari eta indarkeriari buruz tailerra eskainiko du Gasteizko Emakumeen Etxean. Gure gorputzak zeharkatzen dituzten indarkeriei buruzko jarduera teoriko eta praktikoa da, SETEMek Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolarekin batera antolatutakoa.

Mottainai Zaragoza kolektiboak ehungintza-artea sustatzen du ikuspegi ekofeminista eta komunitario batetik.

Bestalde, Marta Valdivielso antzinako ehungintzako lanbideen aditu eta dibulgatzaile eta La Trama proiektuaren sortzaileak haria egiteko erabiltzen diren zuntzak, erremintak eta tindu naturalak ezagutzeko eta manipulatzeko tailer bat eskainiko du. Jarduera apirilaren 19an, ostiralean, Gasteizko Simone de Beauvoir Elkarteen Etxean egingo da, eta apirilaren 20an, larunbatean, Muskizko Gaztegunean.

 

Esperientziak: Top Manta eta Ker Fatou

Azkenik, apirilaren 23an, asteartean, 18:30ean Montehermoso Kulturunean, Aldarrikatzen eta kulturak hurbiltzen dituen moda mahai-inguruak Top Manta (Bartzelona) eta Ker Fatou (Bilbo) proiektuen istorioak ezagutzera emango ditu, Enarak Kooperatibako Tania Cañas Sirianyk dinamizatuta. Arropa eta osagarriak modaz baino askoz harago eraman dituzten egitasmoak dira biak.

Bi ekimenek eskulangintza, migrazioak, bidezko merkataritza, antirrazismoa eta ekonomia solidarioa uztartzen dituzte, besteak beste. Alde batetik, Top Manta Bartzelonako Saltzaile Ibiltarien Sindikatuaren arropa marka sozial eta solidarioa da. Bestalde, Ker Fatou denda Senegalgo, Euskal Herriko eta Espainiako kulturen arteko topagunea da Bilbon, Fatou Diengaren eskutik.

Aziz Faye, Top Manta proiektuaren sortzailea; eta Fatou Dienga, Ker Fatou dendako jabea.

PROGRAMA OSOA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide