Martxoak 8

Martxoaren 8a kontsumo greba ere bada

"Planto egiteko arrazoiak soberan ditugu: ez dugu gizonek baino gehiago ordaindu nahi produktu berdinarengatik, soilik larrosa kolorez margotzen dituztelako".

Aurten, martxoaren 8an, Euskal Herriko Mugimendu Feministatik, Emakumeok* planto! aldarriarekin bat egin, eta lan, ikasketa, zaintza eta kontsumo-greba egiteko deialdia zabaldu nahi dugu. Baina zergatik kontsumoarena? Bada, biolentzia matxistak era askotan bizirauten duelako.

Bizi eta irauteko modu bat, ekoizpen eta kontsumo eredu tradizionalen eraginean oinarritzen dena. Bi kasu hauetan ere, sistema heteropatriarkala oinarrizkoa da kontsumo eredu tradizionalean biolentzia matxistak errotzeko. Elkarren beharra duten, eta elkar elikatzen duten bi engranaje dira: sistema kapitalistak pertsonak -batez ere emakumeak*- esplotatzetik ikaragarrizko onura lortzen du, eta natura-baliabideekin ere gauza bera egiten du. Horretaz gain, sistema heteropatriarkalean aurkitzen du genero desberdintasunak justifikatu eta legitimatzeko aliatua. Izan ere, emakumeon menpekotasun egoera mantentzeak onura handiak bermatzen dizkio:

Emakumeok*, musutruk egiten ditugu etxeko eta zaintza lanak: lan hauek ikusezintzat, onartu gabetzat, eta gure baitakotzat hartzean, sistema kapitalista mantentzea bermatzen da.

Emakumeok* objektu bihurtzeak, maitasun erromantikoak, elementu malgu bihurtzen gaitu. Horrela ikusarazten da objektuak erostea dela denok segurtasun, maitasun, bikote edo edertasun eredu bera lortzeko modua.

Kontsumoaren bidez bortxakeria matxistak  sortzeak, batez ere publizitatearen bidez,  iruditeria bat sortzen du, zeinetan desberdinkeriaren naturalizazioa eta biolentziarik egiturazkoenen eta sinboliko zein zuzenenen justifikazioa onartzeko kontestua osatzen den, hau betierekotzeko.

Honegatik guztiagatik, planto egiteko arrazoiak soberan ditugu: ez dugu gizonek baino gehiago ordaindu nahi produktu berdinarengatik, soilik larrosa kolorez margotzen dituztelako. Guretzat premiazkoak diren produktuen gaineko %21eko BEza ez dugu onartzen. Ezin dugu genero estereotipoak mantentzen dituen publizitatea onartzen jarraitu. Hau dela eta, kontsumitzeari uztea proposatzen dugu. Herri eta auzoak gelditu nahi ditugu, ez da emakume harakinik, arrain eta fruta saltzailerik, ezta kontsumitzailerik ere egongo. Martxoaren 8an, eta beti, emakumeek lan eta bizi-baldintza kaskarrak dituzten komertzioak saihestu. Produktuen jatorriari eta ekoizpen-prozesuari buruz informa zaitez, beste emakume eta herri batzuk esplotatzen dituztenak ez kontsumitzeko. Mobilizazioetara oinez edo bizikletaz joan zaitez. Itzali telebista eta irratia, eta gailu-elektronikoen erabilera murriztu ezazu. Ez diezazutela inposatu zer entzun eta zer ikusi. Ez martxoaren 8an, ez inoiz, ez kontsumitu emakumeon kontrako biolentziarik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide