"Erabiltzailearen begietara dauden kartel eta informazio guztiak gaztelania hutsean daude"
Izotz pistara sartzen den edozein erabiltzailek bertako funtzionamendua ulertzen lagunduko dioten honako kartelak irakurriko ditu: "Curso Ayuntamiento", "Uso obligatorio de mascarilla", "Devolución de patines", "Salida"... erabiltzailearen begietara dauden kartel eta informazio guztiak gaztelania hutsean daude. Euskarak ez du inolako lekurik.
Gasteizen hainbat esparrutan, sekulako ahalegina egiten ari da euskararen normalizazioaren alde: ikastetxeetan, administrazioan, komunikabideetan, aisian edota komertzioetan...
Bakh gure hirian kirolarekin eta aisiarekin loturiko gune oso garrantzitsua da, baina badirudi beste esparruetan egiten den ahalegin eta bide horretatik kanpo kokatzen duela bere burua.
"Bakh gure hirian kirolarekin eta aisiarekin loturiko gune oso garrantzitsua da"
Zergatik ez du bere papera betetzen euskararen eta gaztelaniaren erabilera orekatuan? Elebitasunari bizkar emanez, zergatik baztertzen du euskara hizkuntza paisaiatik ia desagertzeraino?
Idatzi honen helburua gaur egungo egoerari buruzko hausnarketa bultzatzea da, eta Bakh bezalako gune batean euskara eta gaztelania modu orekatuan eta bidezkoan erabiltzeko erabakiak hartzera bultzatzea.
Ziur Bakh-eko erabiltzaileen eta Gasteizko hiritarren gehiengoak elebitasunerantz ematen diren urratsak babestu eta txalotuko dituela.
Sarburu Kultur Elkartea
Gaur Gasteizko izotz pistan @BAKHvitoria.n, hizkuntza paisaia guztia gaztelania hutsean. Tokatu zaidan langile gazteak ez zekien euskaraz. @vitoriagasteiz udalaren eskaintzaren barruan egonik, norbaitek zerbait egingo du euskal hiztunon eskubideak errespetatu daitezen? @behatokia pic.twitter.com/N4iCv3T7q7
— Asier Etxenike (@Etxenike_) May 1, 2021
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.