Sarburu kultur elkartearen gutuna:
Bost urteko umearen ilusioa
Sarburu kultur elkarteko sarburutarrok bost urte bete ditugu, eta gure talde txikitxoa koxkortzen ari zaigu! Korrika batzordeko giroak beroturik, auzoko euskara-elkartea osatzea erabaki genuen... eta urte hauetan denetan, xume-xume, "Salburuan euskaraz bizi nahi dugu" aldarria auzoan zabaldu nahi izan dugu.
Poteoa euskaraz antolatu dugu; denda, taberna zein ile-apaindegietan euskararen aldeko sentsibilizazioa egin dugu; bertso-afariak antolatu ditugu; eguna joan eguna etorri, Salburuko euskaldunon sarea osatzen dugunok gero eta gehiago garela ikusteak izugarri pozten gaitu.
Sare horri esker, "Salburuko bizilagun hauetako zein da euskalduna?" argazki-murala egin genuen; argazkiren batean ikusi ahal izan duzuen moduan, Askartzara sagardotegia antolatu genuen; kandelen berotasuean goxatu genuen Euskararen Nazioarteko Eguna; auzoko jaietan euskaldunon bazkaria eta dantzaldia, "Gora Salburua euskalduna!" argazki-lehiaketa... eta beste hamaika ekintza antolatzeko gogotsu gaude, auzoko elkarte zein norbanakoekin, euskara gure ingurune hurbilean hauspotzeko. Bost urte bete ditugula ospatzeko, hartzazu pote bat Sarbururen omenez.
Bost urteko umearen ilusioa begiradan, euskara ezpainetan... urte askotarako, Sarburu!