Udako berririk hunkigarriena

Erabiltzailearen aurpegia Ruth Larretxi 2014ko ira. 15a, 02:00

Ruth Larretxi

 

Nola lortu daiteke gertaera baten aurrean jarrera aldaketa bat? Sentimendu desberdina sortaraztea, umore aldaketa, alegia. Zaila da, baina uda honetan ikusi eta entzun ditudan berri bonbardaketa guztien artean, batekin bereziki, hori sentitu dut. Eta jakinaren gainean nago, hain zaratatsuak eta bortitzak izan diren albiste askoren aldean, hauxe tontakeria bat dela. Baina eskerrak ere horrelakoak dauden.

 

Azkenengo bi hilabeteetan, kazetariek aspertzeko momenturik ez dute izan. Ezta gertaerak probokatzeko beharrik ere. Eleberriak nonahi izan dituzte, eta gainera kolore desberdinetakoak; arrosak, horiak, beltzak, gorriak... Dena den, berdin dio zein koloreetan sailkatu. Guztiak ilunak eta tristeak izan dira, udako berririk hunkigarriena izan ezik

 

Mundua hankaz gora dagoela esatea, ez da ezer. Gizakiak izatez, gaiztoak (eta ez zoroak) garela esatea, ez da ezer. Ez dugu erremediorik, eta gu geu paradisuan bizi garen bitartean, beste batzuk infernuan daude, miseria gorrian. Nola da posible Palestinan bizitzea? Nola elikatu? Nola lokartu? Nola maitemindu? Desoreka handiegia dago gure egonkortasuna eta beste askoren ezinegonaren artean. Ezer gutxi egiteko dagoela ustean gaudenez, watsapeko profileko leihatila erabiltzen dugu egoera batzuk salatzeko. Zer edo zer egin behar da eta bide samurrena hautatzen dugu.

 

Kritikak kritika, uda honetan teleberriko anabasaren aurrean, albiste krudelen aurrean, batek irribarrea atera zidan. Ziklistaz jantzitako tipo bat Euskal Herriko farmazia batean sartu zen. Lehenengo aldian, erosteko. Bigarrenean aldiz, dirua eskatzeko. Azkenengo honetan sartu bezain pronto, dendariak galdetu zion ea zer edo zer ahaztu ote zuen. Eta ezetz erantzun, lapurreta bat zela mehatxua eginez. Farmazeutikoak 20 euro emango zizkiola esan, eta besteak, 60 erregutu. Agurtzean, ziklistaz mozorrotutako lapurrak zera bota zuen; “ahal dudanean itzuliko dizut”. Nola lortu daiteke jarrera aldaketa bat? Amaiera desberdin batekin, alegia.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago