Eta euskal selekzioa mundialean izan balitz, che?

Erabiltzailearen aurpegia Ruth Larretxi 2014ko uzt. 16a, 02:00

Ruth Larretxi

Manexek Añanako inguruan topatutako argazki bitxia ekarri digu gurera. Nik ere horrelako bat egin dut, baina nire irudiak plisti-plasta sortu beharrean, bor-bor eragiten du. Barkatu, beraz. Hona hemen nondik atera dudan.

 

Duela gutxi Buenos Airesen egon nintzen eta onartu behar dut maiteminduta etorri naizela. Zer edo zer berezia dago Hego Ameriketako lurraldeetan. Agian, bizitzarekiko dagoen pasioa, grina, suhartasuna. Deitu ezazu nahi duzun moduan, baina jakin badakite gogoz jokatzen, eta ez bakarrik futbolean. Euren hitz egiteko forma ere horren isla da. Astunak eta berritsuegiak direla zabaldua dago gure artean. Geuk ere etiketa batzuk erantsirik ditugu sorbalda gainean. Herri bakoitzak bere premisak ditu, erdi egiak erdi gezurrak direnak. Hala ere, nik nahiago beraien mintzatzeko bizitasuna geure txepeltasuna baino. Arras desberdinak gara.

 

Kontua da mundialaren hasierak hantxe pasa nituela eta argentinar lagun talde batekin futbol partidu bat ikusi nuela. Garaile atera zirenez zoriontsu zeuden eta horregatik ausartu nintzen galdetzera ea futbola ez ote den masa-globalaren dibertimendu hutsala. Isiltasuna. Ea futbolariek azalarazten dituzten baloreak ez ote diren diruaren boterea, luxua eta edertasunaren irudi desitxuratua. Isiltasuna. Kirola baino, espektakulu narkotiko baten aurrean ez ote geunden. Akabo, epaitu nituen. Momentu batean, balkoitik botako nindutela pentsatu nuen. Eta euskal selekzioa mundialean izan balitz, che? Ez zenuketen gure moduan jarraituko? Orduan, isiltasuna nirea izan zen.

 

Inoiz, gu ere zirko honen parte bihurtuko garelakoan nago. 2018an hurbilegi ikusten dut. Eta 2022an, izan al da? Hori nahi dugu? Partidu eta eztabaida hartatik bi egunera, Buenos Aireseko taberna batean argazki hau atera nuen. Espainiako eta Euskal Herriko trapuak elkarrekin zintzilikatuta begira geratu nintzen, harrituta. Etorkizun batean munduko futbol txapelketan gertatu ohi dena imajinatu nuen. Euskaldunak, pasio handiarekin eta odola irakiten telebista begira.

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago