Hitzak hizpide

Erabiltzailearen aurpegia Ruth Larretxi 2014ko eka. 16a, 14:09

Ruth Larretxi

Gure unibertsitate garaian hasi ziren teknologia berriak gizarteratzen eta aldi berean, ingelesezko hitz berriak sortzen. Irakasle batek beti esaten zigun horiek guztiak modu eroso batean euskalduntzeko. Ohitura hori hartzeko. E-maila esan beharrean, posta elektronikoa. Eta mobilaren ordez, mugikorra esateko. Tipoa asmo onekoa zen, bai, baina euskaldunegia. Klasean geundela Koldo Zumarraga izena aipatzen zuen Luis Del Olmori buruz hitz egiteko. Eta ikasleren batek izen-abizenak erdaldunak bazituen lasai asko aldatzen zizkion. Bat aipatzearren, Larreako Fernandez lagunarena dugu. Betidanik Fernandez de Larrea izan da, baina ez Jakobe izena zeukan irakaslearentzat, bere mundua erabat euskalduna ikusten baitzuen.

 

Hau guztia, maisua den lagun bati komentatu nion eta berak ere horrelakoak egiten dituela onartu zidan, gaztetxoen arreta mantentzeko teknika ona zela argudiatuz. Kasu honetan, ikasleen izenak euskaldundu beharrean, ingeleseratu egiten duela, hain justu. Aipatutako hainbat adibideen artean, gogoan dudan horietako bat bere klaseko Eztizen neskatoarena da; Miss. Honeywas deitzen ziola azaldu zidan. Irakasle zoro hauek!, pentsatu nuen nik. Denborak erakutsi dit laguna bere onean dagoela, eta behar bada, hitz-joko hauen zergatia nonbaiten dutela oinarria. Maisu honi jaio bezain pronto izena eraldatu behar izan zioten. Gurasoek Gaizka deitzeko asmoa zuten, baina duela 40 urte zentzugabeko araudi baten arabera itzulpena zeukaten izenak ezin ziren erregistratu. Orduan, Gaizkaren ordez, Gaizko aukeratu zuten.

 

Behar bada, garrantzi gutxiko hautapena izan zen hura. Batek daki. Baina aditu batzuen aburuz, izen- abizenek besteengan ospea edo kontrakoa sortu ohi dute. Ni ziur naiz izen berezi bat baino, askoz gehiago izan behar dela norbanako bakoitzak bere lekua nolabait topatzeko. Pablo Elizak horren adierazle bat da.  Eta ez naiz ni azalduko bere jarraitzaile sutsu horietako baten modukoa, baina onartu behar dut unibertsitateko irakasle honek asmo onekoa ematen duela. Bere diskurtso koherenteak eta eraldatuak jendea erakarri egin du. Alderdi berri honen ideiak herriaren batasunaren aldekoak dira, eta hitza herriaren esku uzten du. Denborak erakutsiko digu hitzak uzten, eusten edota puzten duen. 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago