Euskalduna ala ezkertiarra, zer nahiago?

Erabiltzailearen aurpegia Ruth Larretxi 2014ko mar. 6a, 09:02

Ruth Larretxi

 

Eraikitze lanak beste leku batera bideratu beharko genituzke. Hausnarketa garaia iritsi da, eta orain horretan pentsatu eta mugitu beharra dago.

 

Honako amaiera hau eman nion aurreko idazlanari. Eta batek esan zidan oso erraza dela nonbaiten idaztea eta boteprontoan, horrelako esaldi magikoak kaleratzea, norabide gabekoak. Arrazoia zeukala esan nion. Baina neure defentsan, izango banu, helburua ez zen egungo egoerari buruzko analisi sakonik egin eta irtenbide zehatzik azaldu nahi. Nire asmoa istorio bat kontatzea zen, besterik ez.

 

Eraikitze lanak beste leku batera bideratu! Nora ordea, da galdera, ezta? Erantzun posible bat urtarrilaren hasieran Bilbon ikusi genuen. Ez ustekoa hartu ostean, normaltasunez bizi izan zen euskal eskuin ezkertiar batuketa, derrigortua bezain desorekatua, baina pozez jaso beharrekoa.

 

Beste erantzun bideragarri bat, egunez egun hainbat txokoetan martxan dauden proiektuak indartzea eta beste leku batean sortzea da. Hau da, “kopiatu eta itsatsi” deritzona egitea. Dela osasun zentroan mediku euskalduna eskatzea, dela Madrilera joan behar duten inputatuei babesa ematea eta euren egoera salatzea, dela elikaduraren burujabetzaren alde lanean diharduten hainbat lagunen ekimenak bultzatzea, dela euskaren aldeko jaien topaketak eta proiektuak aurrera eramatea, dela Errekaleor auzoa biziberritzea. Eneee, agenda bete-betean dago! Ekintza desberdinak nonahi ditugu!

 

Norbanako bakoitzak badu zer egiterik. Bidea, ibiltzen egiten dela diote. Argi dugu behintzat, landu behar duguna sozialista eta euskalduna dela. Baina, hausnarketari dagokionez, zein da zurea? zer gustatuko litzaizuke gehiago, herri euskaldunagoa ala ezkertiarragoa eraikitzea? Biak berdin, bai, baina hori ez da galdera. Aukeran, zein nahiago? Hautapena zaila dela uste dut.

 

Eraikitze lanetara bideratu behar ditugu ahalegin guztiak, baina nora gehiago? Zer iruditzen zaizu, bakoitzak egin dezala gabezi gehien daukanaren alde?

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago