Eta zer egiten zuen antropologo batek etxetresnaz elektrikoz inguratuta? Ez al dute gizarte-egitura eta funtzioa aztertzen? Bai, ala da. Agerian, kontraesana, dudarik gabe. Berak ere ikasketak amaitu zituenean ez zuen espero horrelako lanik topatzea. Batik bat, bere eginbeharren helburua enpresaren jomugak betetzen laguntzea zen; ekoiztu eta saldu, alegia. Horretarako Inesek gizakion eta etxetresna elektrikoen arteko harremana aztertu behar zuen. Batzuetan etxe desberdinetako familia batekin bost egun edo pasatzen zituen. Etxe horretako kideak, haurrak barne, noiz, nola eta zertarako erlazionatzen ziren elektrogailuekin aztertu behar zuen. Ondoren, iruzkina egin eta lankide desberdinekin biltzen zen iritzia emateko.
Duela hilabete batzuk nire laguna Perura joan zen. Arrasateko zulotik, 3000 metrotara dagoen Titicaca laku zabalera. Etxetresna elektrikorik ez inguruan, zentzu guztietan. Bere zeregin berria turismo jasangarriaren inguruko doktoretza-tesia amaitzea da. Behin galdetu nion, ea nola den posible turismo iraunkorra eraikitzea. Erantzuna, erraza baino errazagoa. Turismo gutxiago egiten!
Erantzun horrek pentsatzen utzi ninduen. Lehenengo munduan ez ote dugun gehiegi bidaiatzen, nolabait, mundu mugatu honetako errekurtsoak gehiegi kontsumitzen. Ideien elkarketa bat eginez, Fagorreko helburuaz akordatu naiz, produzitu eta saldu. Hori baita enpresa guztien xedea. Azken urteotan, euskal industria jipoitua izan da, ez bakarrik Fagor, hamaika gehiago ere aipatuko genituzke. Eta jakin badakit jende langabetu asko trantze batean egongo dela. Baina akaso, hau guztia denbora luzean jasangarria litzateke? Ekoiztu, saldu, gutxi erabili eta bota formula geure gizarte-egituraren oinarria izatea nahi dugu? Nik uste eraikitze lanak beste leku batera bideratu beharko genituzke. Hausnarketa garaia iritsi da eta orain, horretan pentsatu eta mugitu beharra dago.