Izena eta izana

Erabiltzailearen aurpegia Ruth Larretxi 2013ko urr. 10a, 11:20

Ruth Larretxi

Oraintxe bertan igaro den segundoa ez da berriro itzuliko. Denbora aurrera doa etenik gabe, zorionez eta zoritxarrez. Atzean geratu dira hain beharrezkoak diren oporrak, baina diotenaren kontra, ez dira erraz ahazten. Une zehatz batzuk oroitzapenean mantentzen dira argazki baten moduan.

Egun libre hauetan aukerarik ohikoena (ez da zergatik onena izan behar) bidaiatzea da. Paraje berriak bisitatu eta ezezagunekin hitz egitea gustuko dugu. Berdin dio munduko zein txokoetan gauden, nola hala, ingelesez komunikatzen saiatzen gara. Nire kasuan, zailtasun handiz. Horregatik aurkezpenean nongoa naizen galdetzean, batzuetan ez dakit zer erantzun, onartu behar dut. Indartsu eta berritsu sentitzen naizenean harrotasunez nire benetako izana azalerazten da. Osterantzean, hitz egiteko gogorik ez dudanean “from spain” naizela esan, esan dut. Barkatuko didazue, baina bai, hala da, eta jakin badakit geure herriari onik egiten ez diodala. Gainera, azken gertakari lotsagarriaren ostean, nire komentarioa  iraingarria izan al da. Baina nik uste, oporretako publizitate momentu txiki horiek ez dira hain garrantzitsuak Euskal Herria zer den azaltzeko kemenik ez badut.


Aurten, horrelako batean, kontua korapilatzen hasi zitzaidan ezagun berriak zehaztasun gehiago bilatzen zituelako eta, “Which part of Spain?” itaundu zidan. Eta ni… “from the north!” Nire sorterriari aurpegia itzuli nahian nenbilela ematen zuen, baina ez zen horrela, nola baina! Azkenik, Basque Country esan eta aurrean nuenak irribarrea bota eta egoeraren ezagutza zuela adierazi zidan. Ni une horretan esandakoaz damutu eta txikia egin nintzen. Eta aitzakiak bilatu nituen nire “from Spain” argudiatzeko. Ingelesez euskalduna izatea zer den, zaila da gero! Eta nondik hasi?, galdetu nion lagun berriari. Bada, euskaratik. Konturatu zara gaua eta zortzi hitzak beste hainbat hizkuntzatan nola esaten diren?, jarraitu zuen. Nire buruhaustea ekiditeko hurrengo zerrenda idatzi zidan:


Alemanez                     nacht    acht

Frantsesez                   nuit      huit

Italieraz                        notte    otto

Portugaldarrez              noite     oito

Espainolez                   noche   ocho

Suedieraz                     natt      atta

Irlanderaz                     oíche    ocht

Katalanez                     nit        vuit


Honako adibidea, gu eta besteen arteko bereizketa inozo bat besterik ez da, baina honekin guztiarekin argi gera daiteke, Europan behintzat, bereziak garela izenez (eta bide batez izatez).

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago