Botika ordainduen alde

Erabiltzailearen aurpegia Ruth Larretxi 2013ko eka. 27a, 11:44

Batzuentzat izenburua zalapartatsua izango da. Besteentzat jasangaitza. Eta botika asko hartzen dutenentzat, mingarria. Ados nago! Haserretzeko arrazoiak egon badaude. Eskubide baten murrizketa baino, beste eskubide baten lapurreta dugu, alegia. Neurri madarikatuak! Araurik gabeko herri aske batean biziko bagina…Baina, utopiak helduezinak dira. Horrela behar dute izan gainera. Ezin gauzatu daitezkeen planteamenduak dira. Halere, askok uste dute horretara daramatzan bidea inportanteagoa dela helmuga baino. Berriro ere, bat nator!

 

Tira, desbariatzen hasi naiz. Botikak ordaindu, alde ala kontra. Tik, tak, tik, tak...Nahi eta nahi ez, Eusko Jaurlaritzak sendagaien koordainketa abian ezarri du. Diru ekarpen berri honek telefoniako enpresek ematen duten tarifa finkoa gogorarazten dit; pentsio txikia dutenek hilero 8 euro gehienez,  18.000 eurotik gorako errentaduna izanik medikamentuaren %50 ordaindu beharra dago eta %60 hirugarren taldearentzat, dirudunentzat. Kaltetuenak, urte bete baino gutxiago bizitzen daramaten etorkinentzat, botiken prezio erreala pagatu beharko dutelako. Beraz, tarifa ezarrita dago. Ez dago atzerako bueltarik.


Entzun izan dut hau guztia geure osasunaren kalterako izango dela, ordaintzearekin batera botika gutxiago kontsumituko direlako. Gutxiago kontsumitzen badugu osasun emaitza txarragoak izango ditugula? Ziur? Kasuak kasu, dudarik ez. Datu batzuek diote ospitaleetako larrialdi-zerbitzuetara joaten diren hainbat paziente botikak gaizki erabiltzearen ondorioz joaten dela. Erabileran egindako akatsak eta automedikazioa izan ohi direla arrazoi nagusiak. Nire esperientzia medikamentuekin ez da oso luzea baina hartu izan ditudanean gauza bat sendatu eta beste bat kaltetu didate. Ohitu gara buruko mina izatera eta pilula zuria hartzera. Hileko tripako minarako urdina eta sexu harremanetarako, Viagra famatua. Botikak telebistan uneoro iragartzen dituzte. Niri grazia egiten dit kaka egin nahi duzun momentuan komunera eramaten zaituena. Benetan lotsagarria. Medikamentuekiko dagoen menpekotasuna larria da. Dohainik edo oso merke diren gauzak ez ditugu aintzat hartzen eta neurriz erabiltzen. Berdin dio zer den, hori baita sistema kontsumista honen helburua. Geure osasuna negozio indartsu bilakatu da eta farmazeutikak munduko enpresarik emankorrenetarikoak ditugu. Ez naiz ari esaten hauek itxi behar dituztenik eta naturak eskaintzen dituen senda belarretara jo behar dugunik. Baina behar bada, hauek eraldatu bai. Pribatuak izan beharrean enpresa publikoak izan beharko lirateke eta geure osasuna hobetzeagatik lan egin, eta ez oraingo moduan, eurenganako menpekotasunaren alde.


Hau guztia dela eta, liburu bat gomendatu nahi dizuet. Duela hainbat urte Egin egunkarian idazten zuen Eneko Landaburu medikuarena da eta interneten eskuragarri dago: ‘Curarse uno mismo sin los peligros de los mendicamentos’. Irakur ezazue mesedez, kalterik ez dizue egingo eta.

 





Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago