Eskerrak ospitale batean gaudela, kolperen bat jasotzekotan medikuak gertu izango ditugu eta. Baina orain non ote daude? Borroka gutxi egiten duten horietakoak ditugu. Zergatik izango da? Beste pentsamendu bat, oraingoan Iñigo Cabacas bihotzera datorkit, taup-taup, taup-taup, ospitale honetan bizitza galdu zuen. Arnasa hartu eta inguratzen nauen antzerkia begiratzen dut. Saioa goizeko 7etan hasi bada, benetako ikuskizuna duela ordu bete eskas suertatu da, ospitaleko zuzendaritzak gurekin dagoen denda-kanpaia kentzeko iragarri duenean. Kendu? Besterik ez? Sindikatu bateko kide batek azaldu digu nahi izan ez gero, protestarekin jarraitzeko aukera luzatzen digutela. Informazioa paziente zein langileei ematen jarraitzeko askatasun osoz, baina denda kanpaia kentzeko. Zein da, bada, zuzendaritzaren nahia? Itxura zaintzea? Ez eta bai, pentsatu dut. Denda kanpaia batek nolako kaltea egin dezake? Hori da al dena? Ez. Helburua, euren indarra erakustea omen da, zartagina giderretik helduta nork duen adieraztea, alegia.
Mehatxua egin digute. Administrazio zigorra eta 600 euroko isuna denda-kanpaia kentzen uzten ez baldin badiegu. “Bada, eraman dezatela!” erabaki dugu guztion artean. Baina bere ordez material sanitario ugari ekarriko dugu, besteak beste, esku-oheak. “Eta nola ez, baita Gabonetako zuhaitza ere!”, adierazi du lankide batek. Antza denez, txantxak ez du graziarik izan eta horregatik orain horrela gabiltza. Ederra egin dugu. Lau furgoneta kanpoan, telebistako kamera bat atea parean, eta polizia gehiegi geure inguruan. Zuzendaritzak Ertzaintza berriro deitu du zirko honekin amaitzeko. Nik txotxongilo batzuk balira moduan begiratzen ditut, bide batez beldurra ez sentitzeko. Motibatuenak oihuka jarraitzen dute; “Osasun Publikoa defenda dezagun!”. Ni neu isilik, tutik ere esan gabe, barne eztabaidan. Berriro ere hainbat pentsamendu burura datozkit. Herri harresiak, hauek bai ausartak!. Ez, bai, ez bai...deskuidu batean altxatu naiz etahanka egin dut, indarrik ez egoera honi aurre egiteko. Beste batzuk han geratu dira, identifikatzeko prozesu tamalgarri horretan. Banoa, burua makurtuta. Banoa triste, haserre, urduri, deseroso, nolabaiteko itxaropenik gabe. Poliziak aginduak bakarrik betetzen dituela adierazten du. Oraingoan, ospitaleko zuzendarien agindua, besteetan Entzutegi Nazionalarena, hurrengo baten Urkulluren gobernuarena... Momentuz boterearen pilota non dagoen badakigu, baina noiz arte?