Bai, nor da?

Erabiltzailearen aurpegia Ruth Larretxi 2013ko urt. 24a, 10:14

Ruth Larretxi

 

Txirrin, txirrin…

-Bai, nor da?

-Kaixo, Afrika naiz

-Zein?…Afrika Baeza?

-Kar, kar...ez, ez, Afrika kontinentea!


-Aspaldiko lagun, zenbat denbora zutaz ezer jakin gabe, zelan bizi zara?


-Txarto, betiko moduan. Halere, oraingoan nire alaba Arjelia da guztion ahotan dagoena.


-Bai, zeozer entzun dut. Zergatik gertatzen ari da gatazka hau? Agintariak ez dira gai izan informazio zehatzik emateko.


-Zaila da laburbiltzea, egungo egoera ez da bat-bateko kontua. Gogoratuko duzu nire alaba frantsesen menpe egon zela 130 urtez. Gizon hauek Arjeliara iritsi, herrikoei lurrak kendu eta latifundistak bihurtu ziren; etxekoak morroi eta kanpokoak nagusi. 50. hamarkadan islamistek, nazionalistek eta komunistek honen aurka altxatu eta borrokatu zuten. Izugarrizko gatazka izan zen eta miiloi bat persona hil ziren. Horren ostean, independetzia lortu eta frantses askok joan behar izan zuten. Halere, Frantziak pribilegiozko harreman ekonomikoak mantendu nahi zituen Arjeliarekin.


-Zer dauka Arjeliak, bada?


-Aberastasuna. Europaren gas eta petroleo kontsumoaren %18a bere esku dago, alegia.


-Beraz, betiko kontuak.


-Bai, baina hori ez da gauza bakarra. Independentzia lortu ondoren, arjeliarrek beren baliabideen jabe izatea nahi zuten, baina estatuak ez zuen politika sozialik egin. Nazionalizatu bai, baina gizartea burokratizatuz.


-Zer esan nahi duzu horrekin?


-Petroleoaren errenta ederrari esker, nekazariak funtzionario bihurtu ziren. Adibide bat jarriko dizut; 3000 nekazaritza-ingeniaritik, bakarrik 27 kooperatibeetako landetan ziharduten. Beste guztiak, ofizinetan. Petroleoaren diru-laguntzatik bizi zen populazioaren gehiengoa; gizarte desitxuratua eta artifiziala eraiki zuten, non errepresioa, korrupzioa eta boterearen aberastasuna non nahi zegoen.


-Ulertzen dut. Horregatik 1982an petroleoaren prezioa jeitsi zenean, hainbat pertsona lan gabe geratu ziren industrian, administrazioan eta kooperatibeetan.


-Horrez gain, kanpo-zorra igo eta elikagaien dependentzia izan zuten. Hau dela eta, estatua herriaren etsaia bihurtu zen. Ostean, guda zibila ikaragarri gogorra suertatu zen islamisten eta ejerzito arjeliarraren artean. 1991ko hauteskundeetan islamisten partidua lehendabiziko erroldan irabazi zuenez, hurrengo hilabeteetan ilegalizatua izan zen. Ejerzituak ez zuen galdu nahi.


-Orduan, momentu honetako gatazka iraganaren ondorioa da.


-Hala da. Duela hainbat urteko protagonistak eta beren nahiak berdinak dira. Frantsesenak, arjeliako agintarienak eta islamistenak…Orain, frantsesak Malin sartzean arjeliako islamistak kolonoen aurka agertu dira…. Barka nazazu, ni bakarrik ari naiz hizketan… eta zuek zelan?


-Gu poliki poliki…egoera berezian gaude. Hemen ere errepresioa izan da, diru publikoaren gestio desegokia, lapurretak…eta orain, ondorengoak, noski. Baina zorionez, herri honetan egon badago mundua begiratzeko forma berezia eta osasuntsua, non elkar lana eta laguntasuna goraipatzen den. Horregatik, aurrera egingo dugu aldapa guztien gainetik.


-Zein ondo! Pozten nau horrelakoak entzutea. Laster arte Euskal Herria. Zorte on!


-Berdin Afrika, guk baino gehiago behar duzu eta!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago