Oraingoan ez dakit arrazoia izango dudan, baina nire ustetan, mundu ofizialean kontsumo jasangarriaren aldeko ekimenak modan jarri edo zalapartatsuagoak bihurtu dituzte. Dirudienez, krisiak eraginda bat-batean konturatu dira orain arte egindako ibilbide azkar eta kontsumitzaile honek bere alde txarrak izan badituela. Alde txarrak baino, eutsiezinak esan beharko genuke. Batzuen diru-goseek bide horretara eraman gaituzte, eta euren eskutik helduta joan gara. Nahi eta nahi ez, mundu zoro honen partehartzaile sutsuak gara. Beharbada ez da erosoa eguneroko bizitzaz gain beste hainbat gauzetan erreparatzea; ura behar bezala erabiltzea, argia behar ez denean itzaltzea, kotxea hartu beharrean bizikletaz ibiltzea, denda txikietan erostea eta poltsak eramatea, tokian tokiko produktuak kontsumitzea, elikagai osasungarriak jatea, nekazari txikiei barazkiak erostea... Zerrenda amaigabea da gero! Eta jarraibide txukun honi haragi kontsumoaren murrizketa gehitu diezaiokegu. Adituen arabera, jaten ditugun animaliak elikatzeko bazka kantitate handia behar da. Animalia batek jaten duenarekin hainbat eta hainbat pertsonek biziraun dezakete. Besteak beste, gizakiok 200 gramoko haragi zatia jateko, animalia batek bi kilo zereal irentsi behar dituela diote datuek. Zereal kantitate honek zortzi umeen sabela ase eta beteko lituzke. Horrez gain, munduko herrialde desberdinetan, txiroenetan batez ere, lur-zatiak animalien ekoizpenerako bideratzen dira. Beraz, kontuak atera!
Azken boladan, gainera, haragiaren kontsumoa nagusitu egin da. Lehen, aldiz, noizean behin jaten zen soilik. Ama gaztea zenean ostiraletan haragia jatea debekatuta zuten. Elizak horrela agintzen zuen. Bere etxean, ordea, ez zuten agintea betetzen, baina gero, kontzientzia txarrak bultzatuta, konfesatzera joaten zen. Etxean egindakoa eta eskolan esandakoa, beraz, ez zetozen bat, eta bera, gixajoa, anbiguotasun horretan hazi zen.
Euskal Herrian, haragizaleak gara, dexente, baita ezkertiarrak ere. Horregatik bien arteko armonia bilatu beharko genuke. Jan bai, baina neurriz; gure dietan haragi kontsumoa murriztu, osasun ona izan dezagun eta zergatik ez, kontzientziak agintzen diguna bete dezagun ere.