IRITZIA

Gazte landunen %51k

Erabiltzailearen aurpegia Rober Gutierrez 2024ko abe. 20a, 13:47

Egibideren Lanbide Heziketako eskoletako bat. Argazkia: Gasteizko Udala

Beste daturik ez daukagun bitartean, hala dela pentsatu beharko dugu, gazte landunen erdiek euskaraz gaztelaniaz beste edo gehiago egiten duela lanean. Eta ingelesa, zenbat erabiltzen ote dute?

Azken hilabete hauetan hainbat institututan lan egitea egokitu zait eta, uneren batean edo bestean, ikasleekin lan merkatuak eskaintzen dituen aukerez hitz egin behar izan dut. Ikasleen tipologia oso anitza da eta hiri berean asko aldatzen da auzo batetik aldamenekora, institutu batetik bestera, bai eta gela bereko ikasleen artean ere. Hainbat aldagaik eragiten dute aniztasun horretan, esate baterako, pertsonalek, familiakoek, hezkuntzakoek, sozioekonomikoek eta emozionalek. Halaber, aldagai horiek guztiek zeharo baldintzatu ditzakete gazte hauen etorkizuneko ibilbide akademikoa eta profesionala.

Gazteek egonkortasuna behar dute, familiaren zein emozioen aldetik; gainera, lan merkatuan baldintza egokietan sar daitezen, formazioa eta lanposturako prestakuntzarekin batera, funtsezkoa da esperientzia eta sareak izatea, komunikaziorako gaitasuna, taldean lan egitekoa, egokitzeko trebetasuna, erabakiak hartzeko eta arazoei irtenbideak eskaintzekoa, gaitasun digitalak, hizkuntzak menperatzea...; eta noski, politika publikoak, baliabideak eta gazteen enplegua sustatzeko programak, etab.

Denetarik dago ikasleen artean. Batzuek unibertsitaterako bidea hartuko dute eta euren gustuko gradua ikasiko dute; beste askok Lanbide Heziketara joko dute, hala aukeratuta askotan, beste aukerarik ezean, beste zenbaitetan. Hirugarren multzo batean daude egunean bizi direnak, beren etorkizun hurbila irudikatzeko gai ez direnak, ez dakitenak datorren urtean non biziko diren, non ikasiko duten edo-eta non lan egingo duten ere. Hauekin hizkuntzen garrantziaz ere mintzatu gara eta gehienek garbi dute goian aipaturiko hizkuntzak menperatzearen epigrafearen barruan, euskara ez dela rankineko goiko postuetan aintzat hartu beharreko hizkuntzetako bat.

Gazteen Euskal Behatokiak 2024an Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 15 eta 29 urte bitarteko gazteek bizi duten egoeraren diagnostikoa eskaintzen duen txostena argitaratu berri du, gazteen errealitatearen hainbat alderdiren ezagutzan sakontzeko: testuinguru demografikoa, hezkuntza, enplegua eta egoera ekonomikoa, emantzipazioa eta etxebizitza, osasuna, aisia, kultura eta kirola, euskara, balioak eta jarrerak, emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta norberaren egoerari, gazte guztien egoerari eta EAEko egoerari buruzko balorazioak. Gazteen indizea, hau da, 15 eta 29 urte bitarteko pertsonen ehunekoa, biztanle guztiekin erkatuta, %14,6koa da; 2023an, gazte atzerritarrek EAEko gazteen %15,4 osatzen dute, orain arte jaso den ehunekorik handiena.

Txostenean ageri diren bi alderdi hauei erreparatu diet: enplegua eta egoera ekonomikoari eta, beste alde batetik, euskararen inguruko diagnosiari. Eta deigarriak egin zaizkit zenbait datu. Esate baterako, EAEko gazte landunen erdiek (%51,1) euskara gaztelania bezainbeste edo gehiago erabiltzen dute lanean. %49k, ordea, adierazi dute lana beti gaztelaniaz egiten dutela, edo euskaraz baino gehiago gaztelaniaz egiten dutela. Lanean euskara erabiltzea ohikoagoa da langile gazteen artean, 16 eta 64 urte bitarteko biztanle landun guztien artean baino; azken horien artean euskara gaztelania bezainbeste edo gehiago erabiltzen dutenen ehunekoa %32,1 baita.

Aitortu beharra daukat oso ehuneko altua iruditu zaidala lanean euskara erabiltzen dutela diotenena. EUSTATen arabera, 16 eta 29 urte arteko gazte langileak zerbitzuetan ari dira gehien bat, 10etik 8, hain zuzen ere. Benetan horrenbeste erabiltzen dute euskara lan horietan? Inkesta horrez gainera, beste informazio iturriren bat ere ezagutu nahiko nuke, lan esparruko hizkuntzen erabilerari buruzkoa. Nik dakidala ez dago halakorik, eta egoeraren diagnostiko egoki bat egiteko ezinbestekoa iruditzen zait. Dena dela, beste daturik ez daukagun bitartean, hala dela pentsatu beharko dugu, gazte landunen erdiek euskaraz gaztelaniaz beste edo gehiago egiten duela lanean. Eta ingelesa, zenbat erabiltzen ote dute? Daturik ere ez dut, baina zalantza handirik gabe esango nuke, ingelesa euskara baino dezente gutxiago erabiltzen dutela lanean.

Nola uztartzen dira orduan hizkuntzen erabilera hori, eta ikastetxeetan ikusten ditugun hizkuntzekiko pertzepzioak? Datozen urteetan lan merkatuan sartuko diren gazte horietako askok, bereziki egoera zaurgarrienean daudenek, ez dute euskara eta lan munduaren arteko loturarik sumatzen, ez bada oso lanbide zehatzekin; aldiz, ingelesarekin aurkakoa gertatzen dela esango nuke.

Arrakala handia dago euskararen errealitateen eta gazteek horiei buruz jasotzen dituzten mezuen artean. Izatez, ez da gazteen artean bakarrik gertatzen, baina hezkuntza mundutik lan mundura pasatzeko prozesuak hizkuntzen erabileran duen garrantzia kontuan hartuta, bereziki zaintzeko jende multzoa iruditzen zait.

Rober Gutierrez

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago