Hauteskundeen ondorengo negoziazio fasearen ostean, EAJk eta PSE-EEk aurkeztu dituzte bien arteko gobernu-akordiorako oinarriak, “ongizatean, aurrerabidean, autogobernuan zein Euskadi globala eraldatzeko bidean aurrera egiteko”. Hamaika orriko dokumentu batean zehaztu dituzte hurrengo Eusko Jaurlaritzak bere programan jasoko dituen konpromisoak eta jarduerak.
Adostu duten lehenengo ardatza, “pertsonak erdigunean” izenekoa da. Bertan hainbat helburu jaso dira, hala nola, pertsona guztientzat aukera berdintasuna eta emaitzen berdintasuna bermatzea, desparekotasun-egoerak murriztea, eta abar. Helburuak lortzeari begira, “herri lehentasunak” identifikatu dituzte eta horien artean, dokumentuan zehar hizkuntzari erreferentzia egiten dion bakarra ageri da: “Euskara. Helburua: edonon, edonoiz. Bizitzaren arlo guztietan euskararen erabilera ahalbidetzea”. Akordioaren hurrengo ardatzetan (hazkunde eta ongizate eredua; eraldaketa energetikoa eta jasangarritasuna; elkarbizitza, memoria eta giza eskubideak; autogobernua areagotzea), eta ardatz hauen helburuetan zein herri lehentasunetan, ez da ageri hizkuntzari buruzko aipamen gehigarririk. Aurrerago iritsiko ahal dira euskara erdigunean jarriko duten politika zehatzagoak.
Pertsonak erdigunean jarriko dituzten politikak garatuko badira, pertsonen beharrak, eskubideak eta ongizatea lehenetsi beharrekoak dira. Alegia, gure bizi-kalitatea hobetzea eta gure beharrak modu integralean ase beharrekoak dira eta, horretarako, hizkuntzak ezinbesteko aldagaiak dira.
Bizitzaren arlo guztietan euskararen erabilera ahalbidetzeari begira, Administrazioaren barruan urratsak egin badira ere, ezagunak ditugu hainbat alorretan dauden gabeziak, esate baterako, zenbait sailetako arreta zuzen zein telefonikoan, edo aspalditik Osakidetzan, Justizia administrazioan eta Ertzaintzan dauden hutsune kronifikatuak. Pertsonak erdigunean jarrita ere, hizkuntza eskubideak bermatu eta euskara normaltasunez erabiltzetik urrun gaude, edonon eta edonoiz.
"Gure bizi-kalitatea hobetzea eta gure beharrak modu integralean ase beharrekoak dira eta, horretarako, hizkuntzak ezinbesteko aldagaiak dira"
Era berean, gobernu-akordioan beste neurri batzuen falta sumatu dut, arlo sozioekonomikoa eta hizkuntzaren arteko loturaren bat, esate baterako. Seguru asko, gobernua osatutakoan, horretan eskuduntzaren bat duten sailen artean adostuko dituzte garatu beharreko politika eta neurri zein baliabide zehatzak. Izan ere, azken bolada luze honetan, lan munduaren estrategikotasunaz, eremu sozioekonomikoaren eraginaz eta izaera egituratzaileaz hitz egiten ari baita hizkuntzaren garapena aintzat harturik. Gure bizitzaren parte handi bat lanean ematen dugu, eta beste parte handi bat besteen lanaz baliatzen. Harreman sozioekonomikoak ez dira neutroak, botere- eta baliabide-banaketarekin lotura estua dute, eta maiz desberdintasunak eta gatazkak sorrarazten ditu, baita hizkuntzaren aldetik ere.
Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko estrategia berrien inguruan ari dira euskalgintzako adituak, legelariak eta zenbait administrazio, enpresa eta sindikatuetako ordezkariak. Ez da hizkuntzek eremu honetan duten lekuaz hausnarrean aritzen garen lehenengo aldia.
Euskal Autonomia Erkidegoko hurrengo gobernua osatzekotan dagoen honetan, pertsonak erdigunean eta bizitzaren arlo guztietan euskararen erabilera edonon eta edonoiz ahalbidetzeko helburua izango duten politikak pentsatu eta garatu behar diren honetan, egoera ideala amestera, anbizioz jardutera eta sisteman parte hartzen duten gainerako eragileekin batera erronkak lantzera eta adostera gonbidatu nahi dut jaurlaritza berria.
Ikuspegi sistemikoaren beharrezkotasuna azpimarratu izan dugu maiz, lan munduaren parte diren aktore guztiak ondo artikulatuko dituen sistema egituratu behar dugu. Lan munduan eta, oro har, eremu sozioekonomikoaren espazio guztietan euskara eroso erabili ahal izateko orain arte egindako bidean sakondu behar dugu. Hezkuntzaren bitartez euskalduntzen ari diren belaunaldiei euskara eroso erabiltzeko aukera bermatu behar zaie, baita lan esparruan ere. Baldintza egokiak sortzeko eta jauzi hori egituratzeko ikuspegi argia eta itun soziopolitiko berri, zabal, sendo eta adostua behar dugu, bai eta sustapenetik eta sentsibilizazio kanpainetatik harago doazen hizkuntza politika, neurri eraginkorrak (hizkuntza-klausulak, pizgarriak, diruz lagundutako jardueretan euskara bermatzea...) eta jarraipena ere.
Erakunde publikoak sustatzaile eta eragile izan behar dira, bizitzaren arlo guztietan euskararen erabilera ahalbidetuko badute. Edonon, edonoiz. Euskara erdigunean jarriko duten oraingo erabakiek, pertsonak erdigunean kokatuko dituen etorkizuna eraikitzen lagunduko dute.
Rober Gutierrez
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.