Iritzia

Osasun mentala eta ongizatea

Erabiltzailearen aurpegia Rober Gutierrez 2024ko mai. 28a, 10:24

'Lana eta osasun mentala' solasaldia. Argazkia: Bai Euskarari

"Enpresa eta ingurune osasungarriak behar ditugu, bertan lanean ari diren pertsonak baloratzen eta zaintzen dituztenak"

Azken aldian, guztion ahotan dagoen eta kezka zein ardura sorrarazten dituen gaia da. Bizitzan zehar, ezaugarri indibidual, sozial eta estruktural ugari konbinatu daitezke gure osasun mentala babesteko edo ahultzeko. Denok esperimentatu dugu inoiz. Prozesu konplexua da, gutako bakoitzak modu desberdinean egiten dio aurre, zailtasun- eta larritasun-maila anitzekin eta ondorio sozial eta kliniko oso desberdinekin.

Osasun mentalik gabeko ongizaterik ez dago. Lotura estua duten kontzeptuak dira. Buru-osasunak pertsona baten ongizate psikologikoa, emozionala eta soziala barne hartzen ditu eta norberaren pentsamendu, emozio eta portaerekin harremana du. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME) osasun mentala ongizate-egoera bat da, emozioak modu osasuntsu eta eraginkorrean kudeatzeko, pertsonei bizitzako gorabeherei eta estres-uneei aurre egiteko, trebetasun guztiak garatzeko, behar bezala ikasi eta lan egiteko eta komunitatea hobetzen laguntzeko aukera ematen diena. Erabakiak hartzeko, harremanak ezartzeko eta bizi garen munduari forma emateko gure gaitasun indibidual eta kolektiboen oinarri den osasunaren eta ongizatearen funtsezko zatia da. Osasun mentala, gainera, oinarrizko giza eskubidea da. Eta funtsezko elementua garapen pertsonal, komunitario eta sozioekonomikorako.

Osasun mentala eta enpresaren arteko lotura agerikoa da. Lan mundua ere aintzat hartzen ari den eremua da, izan ere, laneko osasun mentala sustatzea eta babestea gero eta interes handiagoa sortzen ari den esparrua da, eta legeriaren eta araudiaren, antolamendu-estrategien, zuzendaritza-taldeak gaitzearen eta langileei zuzendutako esku-hartzeen bidez lagundu daiteke. Gaian sakondu nahi izatera, berriki, Bai Euskarari Elkarteak antolatu dituen Elkarrengandik Ikasiz solasaldien laugarren edizioak lana eta osasun mentala izan du hizpide.

Hausnarketarako gaia da, ezbairik gabe, baita enpresetan ere, eremu horretako hainbat faktorek eragiten baitute osasun mentalean: lan karga, etengabeko presioa, bakoitzaren rola eta betebeharra garbi ez egotea, lidergo edo-eta komunikazio desegokiak, lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka eza, autonomia falta, gehiegizko kontrola, garapen profesionalerako aukerarik ez eskaintzea... Gerta daiteke, halaber, kontu pertsonalak egotea tartean. Arazoa hor dago eta pertsona ondo ez badago, ez da gai izango egunerokoari aurre egiteko.

Enpresak eremu osasungarriak izan behar dira, langileen osasuna modu aktibo eta jarraituan hobetzeaz arduratu behar direnak

Enpresa eta ingurune osasungarriak behar ditugu, bertan lanean ari diren pertsonak baloratzen eta zaintzen dituztenak, langileen bizi-kalitatea eta ongizate fisikoa zein emozionala bermatzeko. Larraitz Urrestilla Beloki, Orkliko Pertsonak eta Kultura saileko arduradunaren arabera, prebentzioa funtsezkoa da eta enpresek, ekosistema guztia aintzat hartuta, hiru esparrutan lan egiteko prest egon behar dute: batetik, lana, lan-kargak, komunikazioa, harremanak, etab. modu egoki batean antolatu behar dituzte; bigarrenik, egoera zail eta tentsio handikoen aurrean kudeaketa bideratzeko formazioa, baliabideak eta tresnak eskaini behar dituzte. Azkenik, zaurgarriak direnak zaindu beharrekoak dira eta interbentzioak eskaini behar zaizkio antsietate edo depresio handi baten ondorioz ongizatea galdu edo gaixo dagoenari. Enpresak eremu osasungarriak izan behar dira langileen osasuna modu aktibo eta jarraituan hobetzeaz arduratu behar direnak.

OMEk argitaratutako osasun mentalari buruzko munduko txostenean, herrialde guztiei dei egiten zaie ekintza-planaren aplikazioa bizkortzeko, aurrerapen esanguratsuak lor baitaitezke herritarren osasun mentala hobetzeko, baldin eta honako hiru eraldaketa-bide hauetan aritzen badira: pertsonek, erkidegoek eta gobernuek osasun mentalari ematen dioten balioa handitzea, eta alderdi interesdun guztiek, sektore guztietakoek, osasun mentalaren aldeko konpromisoa hartzea eta horretan inbertitzea. Bigarrenik, familia, eskola, lan eta komunitate-baliabideen ezaugarri fisiko, sozial eta ekonomikoetan eragitea, osasun mentala hobeto babesteko eta osasun mentaleko gaixotasunak prebenitzeko. Eta, hirugarrenik, osasun mentaleko arreta indartzea, arlo horretako premien espektro osoa sare komunitario batek eta laguntza-zerbitzu irisgarri, eskuragarri eta kalitatezkoek bete dezaten.

Gure ongizatearen funtsezko osagai batez ari gara, estrategia partekatu bat behar duena lehentasunez heltzeko.

Rober Gutierrez (Euskara irakaslea).

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago