Bai. Errenta aitorpena euskaraz aurkeztu daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroa Garaian, urtero UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) hainbat erakunde publikorekin eta udalekin batera gogorarazten digun bezala. Eta, gainera, euskaraz egin daiteke UEMAren barruan ez dauden inguruetan ere. Kanpaina ugarik gogorarazten digute herritarrok administrazioekiko harremanetan euskara erabiltzeko aukera dugula, lehen hitza eta hurrengoak euskaraz egitera animatzen gaituzte, administrazioekiko harremana euskaraz izan dadin sustatu nahian. Kasu honetan ere, euskararen aldeko hautua egitea lortu nahi da, izan ere, errenta aitorpena euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte gorantz ari den arren, datuak ez datoz bat ezagutzaren eta erabileraren datuekin. Nabarmen apalagoak izan ohi dira, oraindik ere urria baita aitorpena euskaraz aurkezten duen zergadunen kopurua.
"Konbentzituta nago datuek adierazten dutena baino askoz gehiagok dutela aitorpena euskaraz aurkezteko gaitasuna"
Euskal Autonomia Erkidegoko datuei erreparatuta, Gipuzkoan, 2023an aurkeztu ziren aitorpenen %19,23 euskaraz izan ziren; 77.738 guztira. Bizkaian, % 4,8 aurkeztu ziren euskaraz, 31.634 orotara. Eta Araban, %0,7 inguruk aurkeztu ohi du euskaraz. Ez dut Nafarroari buruzko daturik eskuratzerik izan. Datuen argitan, hobetzeko tarte handia dago eta egoera iraultzeko estrategiak landu beharko lirateke, urtetik urtera hazi dadin ehunekoa, konbentzituta bainago datuek adierazten dutena baino askoz gehiagok dutela aitorpena euskaraz aurkezteko gaitasuna.
Ziur aski euskaldun askori arrotz egingo zaizkie "atxikipen", "kenkari", "likidazio oinarri orokor", edo "hobari" bezalakoak, eta horrek ziurgabetasuna sortuko die aitorpena euskaraz egitea erabakitzean, are gehiago prozesua norberak egin behar duenean, parean beste pertsona baten laguntza izan gabe, ordenagailuaren pantaila besterik ez daukanean. Diru-kontuekin segurutik jo nahi izango dutela, alegia, gehienentzat, gaztelaniaz. Pedagogia eta laguntza apur bat beharko da bide horretan euskaldunak ahalduntzeko.
UEMAk berak zenbait jarraibide eskaini digu Internet bidez, telefonoz, finantza entitateetan edo aholkularitzetan errenta aitorpena euskaraz aurkezteko, eta ogasunarekin harremana euskaraz izan nahi dugula adierazteko.
Ogasunaren eta diru bilketaren ardura duten erakundeek ere erraztu beharko lukete prozesua, baina desberdintasun nabarmenak daude haien artean. Horretarako, lagungarria litzateke ogasunek esplizitatzea aitorpena euskaraz aurkeztu daitekeela. Sustatu, lagundu eta saritu egin beharko lukete. Gipuzkoako Foru Aldundian, esate baterako, Ogasunarekin euskaraz kanpaina bideratzen ari dira. Haien esanetan, Ogasunak gizarte garapenari egiten dion ekarpen nagusietako bat bere zerbitzu publikoak kalitatez ematea da, eta horrek barne hartu beharko luke euskaldunei zerbitzuak euskaraz erabiltzeko erraztasunak ematea. Gipuzkoako Ogasunaren praktika eta eredua baliatu liteke gainerako lurraldeetara zabaltzeko. Administrazio publikoek euskararen erabilera sustatzeko politika argia eta konpromisoa erakutsi behar dituzte, herritarrek ere hautu hori egin dezaten.
Errenta aitortzeko epea apirilaren 8ko astean abiatu zen Hego Euskal Herrian eta ekainaren amaierara arte egongo da zabalik. Euskaraz eroso aritzeko aukerak eremu guztietara hedatzeko bidean, errenta aitorpenarena ez da samurrenetakoa izango, baina bai eraginkorrenetako bat. Ea urtetik urtera euskararen erabileraren datuak nabarmen hobetzeko gai garen, baita alor honetan ere.
Rober Gutierrez.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.