IRITZIA

Zain. Noiztik? Noiz arte?

Erabiltzailearen aurpegia Rober Gutierrez 2024ko mar. 24a, 09:54

Gasteiz antzokia irekitzeko eskaera egin zuten hainbat euskaltzalek Korrikan. / ALEA

"Denbora gehiegi pasa da udalak kulturgune berria irekiko zuela agindu zuenetik baina, eskatuta ere, oraindik ere ez dugu irekiera-data zehatzik."

Gasteiz Antzokia – Euskararen Etxearen ibilbidea oso luzea izaten ari da. Luzeegia, aukeran. Pasa den mendeko 1990. hamarkadan euskarazko kulturgintzan ardaztutako erreferentziazko gune bat irekitzeko ideia hasi zen Gasteizen zabaltzen. 2008-2009 urteetan, Eusko Alkartasunaren eta Alderdi Sozialistaren arteko akordio baten bidez, Gasteiz Antzokiaren proiekturako azterketa eta ondorengo proposamena landu ziren, eta Udal Batzak aho batez onartu zuen Gasteizek kulturgune euskaltzale bat izatea. 2014ko urrian, alderdi popularra alkatetzaren jabe zen garaian, udalaren eta proiektua lantzearen ardura zuen Lazarraga kultur elkartearen arteko hitzarmena sinatu zen. Ekitaldi horretan, Oihaneder Euskararen Etxea abiatu zen, euskararen babesgune eta arnasgune izan dena 2022ko ekainera bitartean. Hasieratik ere eztabaida iturri izan da Gasteiz Antzokiaren kokapena, hainbat eraikin publikok proiekturako duten egokitasuna proposatu eta aztertu baita urteotan. 2018an, proiektuaren behin betiko kokapena erabaki zen Errementari kaleko Ruiz Bergaratarren jauregian. 

"Aberastasun soziala, kulturala zein ekonomikoa sortzen dituen ekimena da, zalantzarik gabe"

Bistan denez, hau bezalako proiektu estrategikoak garatzeko, erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetzarako esparruak zehazteak berebiziko garrantzia du. Hiri proiektu bat da, adostasun handiz landutakoa, elkarren esperientzia eta ezagutza baliatzen dituena, baliabideak eta proiektuaren iraunkortasuna bermatzen dituena eta jarduera kulturalen inpaktua eta audientzia handitzeko asmoa duena, besteak beste. Aberastasun soziala, kulturala zein ekonomikoa sortzen dituen ekimena da, zalantzarik gabe. Bakoitzari bere zereginak eta erantzukizunak esleitu zaizkio, baina honelako proiektuetan, harreman desorekatua egon ohi da eta, maiz, erakunde publikoaren jardunak, gardentasun ezak edo-eta kudeaketa desegokiak baldintzatu ohi dute erritmoa, bai eta proiektuaren beraren edo-eta proiektua kudeatzen duen erakundearen bideragarritasuna. 
      
Urte hauetan guztietan, Lazarraga Kultur Elkarteak izan du Gasteiz Antzokiaren proiektuaren lidergoa eta proposamen teknikoa zein programazio kulturala lantzen aritu da, 2023ko udazkenean kulturgunea zabaltzeko. Gaur egun ere, lanean segitzen dute eskaintza kulturala, deialdiak eta bestelakoak ireki orduko partekatzeko asmoarekin. 2022ko irailean, duela 18 hilabete alegia, amaitu ziren jauregiaren obrak eta oraindik ere jauregiko hornikuntza batzuk bideratu gabe daude, ikus-entzunezkoena esate baterako, nahiz eta aurreko legegintzaldian ardura zuen zinegotziak bideratzen ari zela agindu zuen.

Proiektua behingoagatik martxan jartzeko behar den bultzada ematea eskatzen ari gara egunotan. Espazioaren irekiera behar baino gehiago atzeratzen ari baita, salatu dugun bezala. Proiektuaren egoera kezka larriz ikusten ari gara. Izan ere, 2022an Oihaneder Euskararen Etxea itxi zenetik, Gasteiz kulturgune euskaltzalerik gabe dago. Hiriko erreferentziazko bilgune bat izatea lortu genuen, euskararen arnasgune, euskaraz eroso gozatzeko espazioa, kultur eskaintza zabal, oparo eta parte-hartzaile batekin, publiko guztientzat, eta azkeneko hilabete luze hauetan geratu gara lehengo kultur eskaintza aberatsa eskainiko digun erreferentziazko gunerik gabe, eta B planik gabe. 

"Gasteiz eredugarria izan da askotan euskararen biziberritzeari dagokionez"

Jakin badakigu oraingo gobernua ahalegintzen ari dela egoera benetan larri honi konponbidea ematen. Denbora gehiegi pasa da udalak kulturgune berria irekiko zuela agindu zuenetik baina, eskatuta ere, oraindik ere ez dugu irekiera-data zehatzik. Horregatik, egoeraren larritasunaz jabetuta, aspaldian agindu ziren eta falta diren lizitazioak urgentziaz izapidetu daitezela eskatu beharra dago, kulturgune berriak berme osoz ateak irekitzeko.

Gasteiz eredugarria izan da askotan euskararen biziberritzeari dagokionez eta proiektu aitzindariak eta lankidetza molde berriak proposatzen jakin izan du. Espero dezagun aurrerantzean ere erreferentzia berreskuratzea, merezi eta behar dugun plaza berri hau eskura izan bezain pronto.

Rober Gutierrez.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago