Magiarekiko sinesmena oso zabalduta zegoen antzinateko munduan. Ez da, berez, harritzekoa, gaur egun ere orotariko intxisu eta igarleek ere nolabaiteko arrakasta dutela kontuan hartuta.
Behin batean historian (IV)
Artikulu hau historian zehar behin edo oso gutxitan aipaturik
ageri diren pertsonen erretratuen serie baten laugarrena da.
Antzinako Erroman ere, mendeku, bekaitz edo maitasun kontu bat tartean zenean, ohikoa zen sorgin edo azti baten zerbitzuak kontratatzea, edo norbere kasa arao bat egiten saiatzea, magiaren bitartez desiratzen zena lortzeko. Horretarako bide ohikoena "tabella defixionis" delako bat idaztea zen. Latinez, sintagma horrek "madarikazio oholtxoa" esan nahi du, eta, izenak adierazten digun legez, berunez eginiko oholtxo izkiriatuak izan ohi ziren. Oholtxo horietan izkiriatzaileak nahi zuen araoa edo sorginkeria idazten zuen, jainkoei (Erromako edo antzinako panteoietako beste edozein jainkori, baina baita sorginkeriaren esparruan bakarrik inbokatzen ziren deabru eta izpirituei) desiratzen zuena gerta zedila eskatuz.
Antzinako Erroman ohikoa zen sorgin edo azti baten zerbitzuak kontratatzea, edo norbere kasa arao bat egiten saiatzea
Normalean, oholtxoetan madarikazio bat idazten zen, idazlearen etsai bati gaitz handiren gerta zekion. Horretarako formulak ezagunak ziren eta hagitz zabaldurik zeuden Erromako alde guztietan, eta ohikoa zen "arao katalogo" antzeko liburuetan zerrendaturik aurkitzea. Bathen (Ingalaterran) aurkituriko halako hainbat oholtxotan, adibidez, "X maximum leto adigas" ("X heriotzarik krudelenera eraman dezazula") formula ageri da. Behin idatzirik, oholtxoa modu erritualean putzu edo hilobi batera jaurti ohi zen, leku horiek gaitzekin eta zorte txarrarekin erlazionatuta baitzeuden. Sarritan, jende askok leku berera jaurtitzen zituzten haien oholtxoak, garai ezberdinetan. Horregatik, eta berunez eginda daudenez, erraz kontserbatzen dira, eta depositu handiak iritsi zaizkigu Erromako inperioko bazter ugaritatik.
Madarikazio oholtxo guztiak ez dira, ordea, madarikazio hutsak. Batzuk maitasun araoak dira, hots, jainkoari norbait eskatzaileaz maitemindu ezean gaitzen bat desiratzen dioten oholtxoak. Beste batzuetan, besterik gabe, norbait haietaz maitemindu dadila eskatzen dute oholtxoen egileek. Gugana iritsi diren halako oholtxo gehienak gizonezkoek idatzi zituzten, andrazkoren baten maitasunaren bila. Emakume batek sinaturik, ordea, bakarra heldu zaigu. Septimiak, Amoenaren alabak (Septimam Am[o]en[a]e filiam) idatzi zuen oholtxoa, K.o. II. mendeko punturen batean. Testua, ordea, ez da emakume batek idatzi eta gugana iritsi den maitasun arao bakarra izateagatik soilik bitxia.
Ez dakigu ziur zergatik hautatu zuen Septimiak alfabeto greziarra erabiltzea
XIX. mendean aurkitu zuten idazkia, Afrika iparraldean, erromatarren garaian Hadrumetum eta gaur egun Susa deritzon hirian. M. Hanezok, tiradoreen 4. erregimentuko lotinantak, aurkitu zuen oholtxoa 1889an, antzinako Hadrumetoko aldirietan zegoen hilobi batean, eta Auguste Audollent filologo frantsesak argitaratu zuen, 270. zenbakiarekin, XX. mende hasieran atondu zuen madarikazio oholtxoen katalogoan. Hadrumetum hiri erromatarra zen, eta biztanleen gehiengoak latina mintzo bide zuen. Latinez idazten du Septimiak berak ere, baina berezitasun handi batekin: alfabeto latindarraren ordez, alfabeto greziarra darabil. Ez da ezagutzen den halako idazki bakarra, baina bitxia da latin hiztun batek letra greziarrak erabilita idaztea, batez ere gehienbat latindar hiztuna ei zen Inperioaren mendebaldean.
Ez dakigu ziur zergatik hautatu zuen Septimiak (ziurrenik emakumeak berak idatzi zuen testua, eskriba baten laguntzarik gabe, horrelako arao oholtxoetan ohikoa den legez) alfabeto greziarra erabiltzea. Baliteke latinez alfabetatu gabea izatea eta greziar alfabetoa bakarrik ezagutzea. Oso arraroa litzateke, ordea, grezieraz idazten dakien latin hiztun batek bere hizkuntzaren alfabetoa ez ezagutzea. Baliteke, bestalde, Septimiak bi alfabetoak ezagutzea eta "exotikoena" hautatzea, jende gutxiagok uler zezan. Izan ere, kontuan hartu behar dugu magia, praktika zabaldua izanagatik, beti kontu erdi-klandestino eta sekretua izan zela, eta Estatuak eta garaiko moral jasoak praktika magikoak gaitzetsi ohi zituztela. Posible da, beraz, sekretismo horregatik hautatzea alfabeto hura Septimiak.
Honela dio bere idazkiak (zuzenean alfabeto latindarrean emango dugu hemen jatorrizkoa, artikulua gehiegi ez luzatze aldera):
Ad[iur]o (…) per magnum deum et /per [An]terotas (…) et per eum, qui [h]abet /archeptorem supra caput et per se- /ptem stellas, ut, ex qua hora /(h)oc somposuero non dormiat Sex- /tilios, Dionysi[a]e filius, uratur /furens, non dormiat neque sedeat neque /loquatur, sed in mentem (h)a- /biat me Septimam, Am[o]en[a]e filia[m]. Ura- /tur furens amore et desiderio /meo, anima et cor uratur Sextili, /Dionysi[a)e filius (=filii), amore et deside- /rio meo, Septim[a]es, Am[o]en[a]e fili[a]e. Tu au- /tem Abar, Barbarie, Eloee, Sabaoth, /Pachnouphy, Pythipemi, fac /Sextilium, Dionysi[a]e filium, ne somnum /contingat, seth amore et desiderio meo /uratur, (h)uius spiritus /et cor comburatur, omnia membra /totius corporis Sextili, Dionysi[a]e /filius. Si minus, descendo in /adytus Osyris et dissolvam /τὴν ταφήν et mittam ut /a flumine feratur; ego enim sum magnus/ decanus dei magni, dei / AXRAMMACHALALA.E
Erregutzen dut, Jainko Handiaren eta Anterotasen izenean, eta buru gainean zapelatza duenaren eta zazpi izarren izenean, hau idazten dudan unetik bertatik ez dezala lo egin Sextiliok, Dionisiaren semeak; egon dadila sutan eta eroturik, ez dezala lorik egin, ez dezala atsedenik edo hitz egiterik izan, baizik eta ni, Septimia, Amoenaren alaba, izan nazala pentsamenduan; erre dadila nireganako maitasun eta desirak eroturik, erre daitezela Dionisiaren seme Sextilioren arima eta bihotza nireganako, Amoenaren alaba Septimiarekiko, maitasun eta desiragatik. Eta zuk, Abar, Barbario, Eloe, Sabaoth, Pajnufi, Fthipemi, lor ezazu Sextiliok, Dionisiaren semeak, ez dezala lorik egin, baizik eta nireganako maitasun eta desiragatik sutan egon dadila; erre daitezela batera bere izpiritua eta bihotza, baita Dionisioren seme Sextilioren gorputzeko atal guztiak ere. Ez bada [hau betetzen], Osirisen leku sakratura jaitsiko naiz, eta bere hilobia desegin eta ibaiak eraman dezan jaurtiko dut [bere gorpua], ni bainaiz jainko handiaren, AXRAMMACHALALA.E jainkoaren, dizipulu handia. (DT. 270).
Gauza asko esan genitzake Septimiaren eta idazki honen inguruan. Badirudi gure protagonista giro esoterikoetan eta Egiptoko jainkoen gurtzetan nahasturik zegoela. Ez da hau kontu arraroa, erromatarrek sarritan inportatu baitzituzten oso aitzinakotzat zituzten Egiptoko jainkoak, eta, haien gurtzak zuen ikutu zahar eta exotikoagatik, sarritan erabiltzen ziren testuinguru semitikoko eta egipziarreko jainkoak kontu esoterikoetarako. Kasu honetan, Jainkoa Handia gerora aipatzen den Osiris jainkoa bera edo laster aipatuko dugun jainko misteriotsu eta ahoskaezina izan daitezke. Anterotas delakoa greziar kulturako izpiritua da, eta, bere izenak adierazten duen legez (Anti-erotes, hots, maitasunaren aurkaria edo aurkakoa), maitasunean traizioren bat jasandakoei laguntzeko dei egiten zitzaion izakia da. "Buru gainean zapelatza" duena belatz edo zapelatz burua duen Horus jainko egipziarra da, zalantzarik gabe, eta "zazpi izarrak" antzinakoek zeruan ezagutzen zituzten zazpi astroak dira: Merkurio, Artizarra, Marte, Jupiter, Saturno, Eguzkia eta Ilargia, hurrenez hurren.
Jainkoei dei egin ostean, bere eskaera adierazten du Septimiak: Dionisiaren seme Sextilio berarekin maitemindu dadila
Jainkoei dei egin ostean, bere eskaera adierazten du Septimiak: Dionisiaren seme Sextilio berarekin maitemindu dadila. Ezer gutxi dakigu Sextilio honi buruz, Dionisia delakoaren seigarren seme-alaba zela edo abuztuan jaio zela ez bada (izenak bi gauza horietako bat adieraz lezake). Nabarmentzekoa da bai bere buruaren zein Sextilioren kasuan Septimiak matronimikoak erabiltzea: Erroman ohikoena patronimikoak, hots, aitaren izenak erabiltzea zen pertsona bat identifikatzeko. Apika, testuinguru magikoetan edo Afrikako lurralde hartan ohikoagoa zen amarekiko loturagatik identifikatzea. Beste kontu askorekin bezala, ezer gutxi dakigu honi buruz.
Testuaren bigarren atalean, bestalde, Septimiak AXRAMMACHALALA.E izen kriptikoarekin izendaturiko jainko baten jarraitzailetzat izendatzen du bere burua, eta Osiris jainko mehatxatzen bere hilobia (grezierazko hitz bakarra da hau testuan, τὴν ταφήν idazten baitu Septimiak) desegitearekin ere eskaera betetzen ez badu. Amaierako inbokazio ulertezinaz gain, zapore semitiko eta orientaleko izen sorta batekin deitzen dio emakumeak jainko horri: Abar, Barbario, Eloe, Sabaoth, Pajnufi eta Fthipemi izenak erabiltzen ditu. Honek adierazten digu Septimia gurtza esoteriko batean nahasturik zegoela, eta arao hau egiteko Erroman oso ohikoak ziren katalogo edo liburu esoterikoetako eduki zuela eskura hortik izen ulertezin horiek guztiak ateratzeko.
Ez dakigu azkenerako Sextilio delakoa maitemintzea lortu zuen, edota nola bizi izan zuen bere bizitzaren gainerakoa Hadrumetum erromatarrean, gaur egungo Tunisian
Septimiak darabilen hizkuntza oso errituala da, arao bati dagokion legez. Termino berberak erabiltzen ditu etengabe ("sutan egon dadila", "nireganako maitasun eta desira", eta abar), eta horregatik testu honek gehiago erakusten digu garaiko intxixuen hizkera errituala nolakoa zen, Septimiaren beraren mintzaira nolakoa zen baino. Alfabeto greziarrera egiten duen transkripzioak, ordea, bere ahoskeraren inguruko hainbat zantzu ematen dizkigu. Izan ere, Septimiak ez du latinezko ortografia estandarrean erabiltzen den hatxea transkribatzen (hoc edo habet ordez oc eta abet idazten du), eta ae diptongoa e labur gisa transkribatzen du. Xehetasun horiei esker, K.o. II. mendeko Afrika erromatarreko eguneroko hizkeran latin klasikoan oraindik mantentzen zen hasperen edo hatxea galdua zela eta ae diptongoa jada monoptongaturik zegoela pentsa dezakegu.
Hori da Amoenaren alaba Septimiari buruz dakigun guztia. Ez dakigu azkenerako Sextilio delakoa maitemintzea lortu zuen, edota nola bizi izan zuen bere bizitzaren gainerakoa Hadrumetum erromatarrean, gaur egungo Tunisian. Madarikazio oholtxo partikular honi esker, ordea, badakigu hortik ibili zela mende hartako uneren batean, eta maitasunean gorabeherak izan zituela, gaur egun ere guk izaten ditugun bezala. Honaino Behin Batean Historian seriaren IV. atala. Gehiago hurrengoan.
Albiste hau Peru Amorrortu Barrenetxea ALEAren kolaboratzaileak argitaratu du. Bere bloga eta artikulu guztiak hemen dituzu ikusgai.