Irulegiko brontzearen aurkikuntzak pil-pilean jarri du azken egunotan euskal kulturaren mundua. Gertaera kitzikagarria dugu, zalantzarik gabe, eta orain arte gaur egun Euskal Herria den lurraldearen historiari buruz dugun ulermena antzaldatzeko indarra duen aurkikuntza, Aranzadikoen inurri-lan txukuna tarteko. Oraindik ere, ordea, lan handia dago egiteke. Idazkuna bereziki konplikatua da arlo filologikoari dagokionez, potentzialki oso gutxi ezagutzen den hizkuntza bati oraindik ere guztiz ondo ulertzen ez den silabario iberiarraren aldaera bat gehitzen baitzaio. Adituek beraiek ere izango dute makina bat buruhauste piezaren nondik norakoak argitu nahian. Behingoagatik, beraz, utzi ditzagun jakitunak haien boli dorrean eroso lanean, idazki osoa deszifratuz gero izango dugun informazioa zukutsua izango baita.
Brontze honek, ordea, beste brontze bati buruz mintzatzeko parada emango digu gaurkoan.
Behin batean historian (III)
Artikulu hau historian zehar behin edo oso gutxitan aipaturik
ageri diren pertsonen erretratuen serie baten hirugarrena da.
K.a. I. mendekoa omen da Irulegiko Eskua. Ezer gutxi dakigu garai hartako baskoiei eta haien hizkuntzari buruz, baina ziur irakurlea poztuko dela garaiko baten baten izena gordetzen dugula eta haren bizitzaren gorabehera minimo batzuk hemen konta ditzakegula esaten badiot. Beste brontze bati esker, hain zuzen, ezagutzen dugu K.a. I. mendean izan zela Arranes zelako bat, Arbizkar (jatorrizkoan Arbiscar idatzia) izeneko baten semea. Izenaren euskal soinua dela eta, garaiko baskoniko edo aitzineuskara hitz egiten zuen baskoi bat zela susma dezakegu. Nola iritsi zaigu, ordea, morroi honen berri? Murgil gaitezen, apur batez, historiaren itsaso sakonetan, gure Arranesen aztarnen bila abiatzeko.
"Beste brontze bati esker ezagutzen dugu K.a. I. mendean izan zela Arranes zelako bat"
1908an, Irulegiko brontzearena bezain liluragarria izan zen aurkikuntza bat egin zuten Italiako Ascoli Piceno hirian. Markak eskualdean dago hiria, Italia erdialdean, eta antzinako garaietan Asculum izeneko hiri garrantzitsua izan zen. Bertan, brontzezko plaka handi bat agertu zen, izen zerrenda luze batekin. Brontzea hiritartasun diploma bat zen, eta Gneo Ponpeio Estrabon erromatar kontsulak errekrutaturiko Turma Salluitana (Salduie-ko Eskuadroia) izeneko unitate militar bateko kideak zerrendatzen zituen.
Asculum hiriari egindako erasoan izandako paperagatik, Estrabonek Erromako hiritartasuna eskaintzen zien unitate hartako kideei. Soldadu horiek kontsulak berak errekrutatu zituen, bi urte lehenago, Ebro ibaiaren bailarako hiri iberiarretan, eta haien jatorrizko hiriaren arabera ageri ziren banatuta zerrendan.
Honela zioen idazkiak goiburuan eta amaieran, tartean ofizial erromatarren eta soldaduen izenen zerrenda zegoela (bukaeran ageri diren objektuak soldaduei opari emandako ornamentu militarrak dira):
Cn. Pompeius Sex. f. imperator virtutis caussa equites hispanos ceives [romanos fecit in cast]reis apud Ausculum a(d) d(iem) XIV k(alendas) d(ecembris) ex lege Iulia (…) Cn. Pompeius Sex. f. imperator virtutis caussa Turmam Salluitanam donavit in castreis apud Asculum cornuculo et Patella, torque, armilla, palereis et frumentium duplex. (CIL I, 709).
Gneo Ponpeio jeneralak, Sextoren semeak, [haien] ausardia dela-eta zaldun hispaniarrak [Erromako] hiritar [egin zituen kanpa]mentuan, Ascoli ondoan, azaroaren 17an, lege Juliarrari jarraiki (…). Gneo Ponpeio jeneralak, Sextoren semeak, haien ausardia dela-eta Salduieko Eskuadroiari opari egin zien kanpamentuan, Ascoli ondoan, adartxoarekin, platertxoarekin, torkearekin, besokoarekin, falerekin eta zekale arrazio bikoitzarekin.
Izen gehienak iberiarrak ziren, eta, hori zela eta, luzaroan pentsatu zuten adituek unitateko kide guztiak iberiarrak zirela. Izen gehienak, izan ere, idazki iberiarretan ageri direnen oso antzekoak ziren: Sosinasa-ren seme Sosinaden, Bilurtibas-en seme Illurtibas, Atanscer-en seme Turtumelis, eta abar.
"Errearen bikoizketak, hasierako bokal protetikoak eta bere aitaren izenaren etimologiak Arranes jatorri baskonikoko izena dela adierazten digute, iberiarra ordez"
Denborak aurrera egin ahala, ordea, adituei izen batzuek euskal kutsua zutela iruditu zitzaien, batez ere Segia izeneko hirikoek. Horietako bat zen Arbizkar-en seme Arranes. Errearen bikoizketak, hasierako bokal protetikoak eta bere aitaren izenaren etimologiak (bizkar elementu bat hauteman daiteke hor), hain zuzen ere, Arranes jatorri baskonikoko izena dela adierazten digute, iberiarra ordez.
Zer egiten zuen baskoi batek iberiarrez inguraturiko unitate militar batean, eta nola heldu zen Italia erdialdera? Galdera horri erantzuna emateko, Arranes errekrutatu zuten unera eta lekura itzuli behar gara: Segia hirira, K.a. 91. urtera.
Garai hartan, Segia zena gaur egungo Ejea de los Caballeros da, Zaragozako probintzian. Hasiera batean, hiri zeltiberiarra zen Segia, eta bertan suessetanoen herria bizi zen. Ez dago argi iberiarrak edo zeltifikaturiko iberiar zelta-hiztunak ote ziren suessetanoak. Dena dela, K.a. 184. urtean, herri hura erromatarren aurka matxinatu zen, eta Gaio Terentzio Varron kontsulak baskoien laguntzarekin garaitu zituen. Baskoiak, izan ere, erromatarren aliatu leialak ziren (sarritan agertu ohi dira baskoiak Erromari lagun egiten garaiko iturrietan), eta, haien laguntzarekiko esker honez, Gaio Terentzio Varron kontsulak suessetanoen lurraldea eskaini zien, haiek goberna zezaten. Horrela iritsi zen Segiako hiria baskoien kontrolpera. Bertako jatorrizko biztanleak kanporatu ordez, ziurrenik baskoiek garnizio militar bat edo kolonia txiki bat ezarri zuten Segia hiria kontrolpean izateko. Handik ia ehun urte igarota, beraz, ez da harritzekoa Segiako soldaduen artean gehiengo iberiarra agertzea, baskoi gutxi batzuekin nahasturik.
"Zer egiten zuen baskoi batek iberiarrez inguraturiko unitate militar batean, eta nola heldu zen Italia erdialdera?"
Orain badakigu Segiako biztanleen parte bat baskoia izatearen arrazoia, baina ez dakigu oraindik nola iritsi zen gure Arranes Italiara. Horretarako, garaiko testuinguru historikoari begiratu behar diogu. Garai hartan, Erroma ordura arte izandako desafiorik handienari aurre egiten ari zen: Aliatuen Gerra, hain zuzen ere. Gerra honi, batzuetan Gerra Soziala deitu izan zaio, baina hori latinetik egindako kalko trakets bat da. Latinez, izan ere, socius hitzak "aliatu" esan nahi du. Bellum sociale delakoa, hortaz, "Aliatuen Gerra" da, eta ez du guk "gerra soziala" entzutean ulertzen dugunarekin zerikusirik.
Gerra honetan, hain zuzen, Erromak aspaldi menperaturiko Italiar penintsulako herriak haien zapaltzaileen aurka altxatu ziren. Hiri horietako gehienek socius edo aliatu estatusa zuten, hots, Erromarekin aliantza hitzarmen bat (foedus delakoa) zuten. Hitzarmen horiek, ordea, erabat asimetrikoak ziren: menpeko hiriek dirua eta soldaduak eman behar zizkioten Erromari, eta Erromak, trukean, babesa emango zien (badakigu nondik atera zuen inspirazioa geroko mafia italiarrak, antza denez). Hiri aliatuetako biztanleek, gainera, ezin zuten Erromako gobernantzan parte hartu, ez baitzuten Erromako hiritartasunik. Gauza horiengatik guztiengatik kexu, hiri aliatuak Erromaren aurka matxinatu ziren, baita Italia izeneko konfederazio independente bat sortzen saiatu ere.
Erroma arrisku bizian zegoen. Italiako hiri aliatuak bere boterearen oinarri izan ziren ordura arte, eta haiek emandako tropak Erromako armadaren zati handi bat ziren. Arrisku honi aurre egiteko, beraz, Errepublikako (artean ez baitzen Inperio Erroma) beste probintzia batzuetan aliatuak errekrutatzen saiatu ziren. Horixe bera egin zuen Gneo Ponpeio Estrabon kontsulak Hispaniako probintzian. Guri dakokigun kasuan, Ebroko ibaiaren ibarrera joan eta bertan soldaduak errekrutatzen saiatu zen. Errekrutatzea, ziurrenik, probintziako hiriburu zen Salduie (gero Caesar Augusta, gaur egungo Zaragoza) hiritik egin zuen. Hortik Turma Salluitana (Turma zalditeria eskuadroi bati ematen zitzaion izena zen) izena, Salduie edo Salluie hirian sortu zelako unitatea. Bertara gerturatuko zen Arranes izena emateko, eta handik, zegokien entrenamenduaren ostean, ziztu bizian Italiara bidaliko zuten, Erroma defendatzeko.
"Gneo Ponpeio Estrabon kontsula Ebroko ibaiaren ibarrera joan eta bertan soldaduak errekrutatzen saiatu zen"
Erromaren aurka matxinaturiko hiri aliatuetako bat zen Asculum, Pizeniarren herriaren hiriburua. K.a. 90. urtean, erromatarrek hiria setiatu zuten. Ez ditugu setioaren nondik norako zehatzak ezagutzen, baina badakigu borroka luzea eta gogorra izan zela. Azkenerako, K.a. 89. urte inguruan erori zen Asculum, eta badirudi hiriaren konkistan Arranesen Turmak protagonismo berezia izan zuela, haien ausardiagatik Estrabon kontsulak hiritartasuna eskaini baitzien.
Horren ostean, ez dakigu ezer Arranes delakoari buruz. Baliteke gerran hil izana K.a. 87. urtean. Gerra amaitu zenean, artean bizirik bazen, posible da Erroman edo Italian geratu izana, oraindik ere armadan edo beste eginbehar batean. Baliteke bere jaioterrira itzuli izana, eta bere estatus berria bere onerako erabili izana, tokiko administrazio erromatarrean karrera eginez. Beste behin ere, ezer gutxi dakigu Arbizkarren seme Arranesi buruz.
Argitasun falta hori, ordea, aukera ederra da fikzio historikoa maite duten idazleentzako: euskal nobela historiko eder bat idatzi ahalko litzateke, zalantzarik gabe, Arranesi buruz, bere bizitzari buruz dakiguna islatu eta ez dakigunaren bitartez garaiko gertaerekin erkatzeko. Izenagatik bada ere, badakigu K.a. I. mendean bazela Arranes izeneko baskoi bat, beharbada Irulegiko Eskuak isla dezakeen baskonikoaren hiztuna.
Albiste hau Peru Amorrortu Barrenetxea ALEAren kolaboratzaileak argitaratu du. Bere bloga eta artikulu guztiak hemen dituzu ikusgai.