Munduko leku askotan agertu izan dira, kondaira, elezahar eta kroniketan, historiaren eta istorioaren artean dauden lekuak. Irudimenaren erreinuko lekuak, edo ez-lekuak, erretorika apaina erabili nahi badugu. Galdutako hiriak, eta hiri fantasmak, antzina edo sekula existitu izan ez direnak.
Sarritan pentsatu izan dugu Victoriacum hiri bisigodo hori gure gaur egungo Gasteiz dela
Horietako bat izan daiteke Arabako historiako garai lanbrotsu bateko ilunen artetik ageri den Victoriacu, edo Victoriaco. Gutxi dakigu Gasteiz hiriaren inguruan Nafarroako errege Antso Jakintsuak 1181ean Nueva Victoriari foru eman aurretik. Bertan herrixka txiki bat baino handiagoa zen edozer ote zegoen ere ez dakigu. Ezjakintasun horri aurre egiteko, beharbada, historialari eta kronikariok sarritan pentsatu izan dugu iturri historikoetan aipatzen den Victoriacum hiri bisigodo hori gure gaur egungo Gasteiz dela, batez ere izenaren hoskidetasunean oinarrituta (argudio nahiko ahula, esan bedi).
Ba al du, ordea, identifikazio horrek inolako fundamentu historikorik? Ikus dezagun iturriek zer dioten, eta gaur egungo Vitoria-Gasteiz bere usteko arbaso bisigodoarekin lotu ote daitekeen.
Lehenik eta behin, jo dezagun iturri historikoetara. Kontuan hartu behar dugu garai honetarako iturri idatziak gutxi eta azalekoak direla, gordetzen diren kronika apurren egileek ez baitute, analitikari eta urtez urteko kronikari lotzen zaion haien estiloan, digresio handitarako tokirik. Guk dakigula, hiru hiri sortu zituzten bisigodoek: Recopolis, Victoriacum eta Oligicus/Oligiciis. Eta, kontua idatzizko erreferentzien esku balego, ez genuke jakingo hiri horietako bat bera ere non dagoen.
Ikus bedi, adibidez, nola kontatzen duen Sevillako Isidorok Recopolisen fundazioa, 578. urtearen bueltan, Historia Gothorum idazlanean (Godoen Historia, lan nahiko interesgarria ikuspuntu filologiko eta historikotik, baina artean euskarara itzuli gabea, nik dakidala):
Condidit etiam civitatem in Celtiberia, quam ex nomine filii sui Recopolim nominavit.
Gainera, hiri bat sortu zuen Zeltiberian, eta Recopolis izena ezarri zion [Recaredo] bere semearen izenarengatik. (HG, 51. Latinezko testuak Theodor Mommsenen ediziotik hartuak dira; itzulpenak, berriz, neronek eginak)
Horratx zer dioskun Sevillako Isidorok. Informazio gutxi, eta oso orokorra. Baina ziur beste iturri batzuek hiria non dagoen zehazten lagunduko digutela, ezta? Tira, lehenik eta behin, zuzenketatxo bat: jar bedi plural hori singularrean, garrantzizko beste iturri bakar bat baitugu hiri honen sarrerako: Biklaroko Joan (Iohannis Biclarensis) delako baten Kronika. Honela diosku:
(…) et civitatem in Celtiberia ex nomine filii condidit, quae Recopolis nuncupatur.
Eta hiri bat sortu zuen semearen izenarekin, Recopolis deritzona. (Chronicon, 578.4).
Informazio berbera, modu are laburragoan. Idatzizko iturrien esku balego, beraz, argi dago egoera: ez genuke jakingo Recopolis non dagoen ere, XIX. mendearen amaieran haren aurriak aurkitu izan ez balira. Aipatu ditugun beste bi hiri horiekin, ordea, ez dugu hainbesteko zorterik ukan, ez baita haien arrastoekin harremanetan jartzeko modu aztarna arkeologikorik aurkitu, eta garaiko historialariek emaniko informazioa eskasa da.
Idatzizko iturrien esku balego, ez genuke jakingo Recopolis non dagoen ere
Ikus dezagun Oligicus delakoaren kasua. Sevillako Isidororen lanean baino ez da ageri hiri honen sorreraren kontaketa, Suintila erregearen erreinaldiaren hasieran, 621. urtearen inguruan. Biklaroko Joanen Kronika ez zaigu honako honetan lagungarri, 590. urtearen bueltan amaitzen baita. Horrela diosku Isidorok:
Habuit quoque et initio regni expeditionem contra incursus Vasconum Tarraconensem provinciam infestantium, ubi adeo montivagi populi terrore adventus eius perculsi sunt, ut confestim quasi debita iura noscentes remissis telis et expeditis ad precem manibus supplices ei colla submitterent, obsides darent, Ologicus civitatem Gothorum stipendiis suis et laboribus conderent.
Gainera, bere erreinaldiaren hasieran espedizio bat burutu zuen Tarraco-ko probintzia arpilatzen ari ziren baskoien aurka. Orduan, hainbesteko beldurrak kolpatu zituen mendietako herri horiek haren [erregearen] etorrerarekin, non berehala, bete beharreko legeak gogoratu balituzte bezala, armak bertan behera utzirik eta eskuak eskerako libraturik, haren aurrean makurtu ziren, bahituak eman zizkioten eta haien ondasun eta ahaleginekin Ologicus, godoen hiria, eraiki zuten. (HG, 63).
Godoekiko menpekotasuna erakusteko, beraz, eraiki zuten baskoiek Ologicus izeneko herria (hori da filologoek onesten duten irakurketa, baina eskuizkribu gehienek Ologiciis edo Ologitis irakurtzen dute). Esan dezakegu, beraz, gaur egungo Nafarroa Garaia erdigunetzat zuen baskoien lurraldean eraikia izan zela. Hori kontuan harturik, gaur egungo Erriberrirekin identifikatu izan da hiri hura, gaztelerazko Olite izena Ologicus delako horren nolabaiteko hoskidea baita. Soinuen parekotasunetik landa, ordea, ezer gutxi daukagu, ez baita Ologicus izan daitekeen ezeren aztarnarik agertu.
Victoriacum-en kasuan, aipamen bakarrak jakinarazten digu 582-583 urteen inguruan Leovigildok baskoiak garaitu eta hiri bat eraiki zuela
Kontua are ilunagoa da Victoriacum (eskuizkribu batzuetan, Victoriaco) hiriaren kasuan. Lehenik eta behin, bidezkoa den legez, egin diezaiegun erreferentzia idatziei kasu. Beste behin ere, aipamen bakarrak jakinarazten digu 582-583 urteen inguruan Leovigildok (Recopolisen sortzaileak berak, hain zuzen) baskoiak garaitu eta hiri bat eraiki zuela. Kasu honetan, Sevillako Isidoro da hiri honi buruz txintik ere esaten ez duena, eta Biklaroko Joan da horren berri ematen diguna. Kontu bitxia, Isidororen kronika orokorrean Joanena baino askoz landuagoa eta zabalagoa dela kontuan hartuta. Horrela dio Biklarokoak:
Leovigildus rex partem Vasconiae occupat, et civitatem quae Victoriacum nuncupatur, condidit.
Leovigildo erregeak baskoien [lurraldearen] parte bat konkistatu eta Victoriacum deritzon hiria sortu zuen. (Chronicon, 583.3).
Beste behin ere, hoskidetasunak bakarrik garamatza Victoriacum gaur egungo Vitoriarekin (edo Vitorianorekin, batuzek proposatu duten bezala) harremantzera, ez baitago pisuzko arrazoirik gaur egungo Gasteiz dela pentsatzeko ere. Izan ere, aurreko adibideari jarraiki, esaldiak hiriak baskoien lurralde tradizionalean, hots, Nafarroa inguruan edo Aragoi ekialdean, sortu zutela pentsatzera garamatza. Ez dago, beraz, hiri hori zehazki Araban sortu zutela adierazten digun ezer.
Hoskidetasunak bakarrik garamatza Victoriacum gaur egungo Vitoriarekin (edo Vitorianorekin, batuzek proposatu duten bezala) harremantzera
Iturriak gutxi diren orotan jazo ohi den legez, tinta asko isuri da pasarte honen kontura, orotariko hipotesiak plazaratuz. Urteotan, Antzinate Berantiarreko eta Erdi Aro Goiztiarreko Baskoniaren inguruan argitaraturiko lanik mamitsuenaren egile den Mikel Pozok, adibidez, oso hipotesia kitzikagarria darabil: Victoriacum ez zen sekula existitu, eta baliteke Extremaduran kokaturiko Meridaren berrizendatze bat izatea.
Izan ere, Biklaroko Joanek Victoriacum sortu zela dioen urte berean, Leovigildo erregeak bere seme matxinoaren eskuetan zegoen Emerita (gaur egungo Merida) konkistatu zuen, eta bere erreinuko txanponetan Leovigildus Emerita Victoria (Leovigildo[k] Merida[ko] Garaipena[ri]) testua ageri da. Baliteke, beraz, Leovigildok Emerita Victoriacum izenarekin berrizendatu izana, bere garaipenaren oroigarri. Hipotesi eztabaidagarria, baina beti ere interesgarria (nahi duenak hemen kontsulta dezake libreki Mikel Pozoren tesia, bestela ere guztiz interesgarria garai honetako Baskoniari dagokion edozertarako).
Norbait lurrazpitik Victoriacum izan daitekeen zerbait atera arte, aldiz, gure irudimenean bakarrik biziko da hiri hura
Atal, itzul gaitezen, gauzak borobiltze aldera, hasierako galderara. Victoriacum, non zaude? Auskalo. Nafarroako lurren azpian, Baskonia tradizionalean nonbait lurperaturik, apika Extremaduran. Beharbada ez zen sekula existitu, eta Biklaroko Joanen idazkera traketsari edo gaizki-ulertu bati zor diogu hiri mitiko honen presentzia gure historian.
Historian lekutu ezin bagenezake ere, Victoriacok badu lekua gure istorioan. Herriek guztiek baitituzte, azkean finean, galduriko Atlantidak, gurea Victoriaco bezain xumea bada ere. Platonen Atlantida, azken finean, behin bakarrik aipatzen du egileak, errealista izateko asmorik ez zuen parabola gisako kondaira edo istorio batean, hain zuzen, baina horrek ez dio ekidin gure irudimenerako bide luzea egitea. Antzeko zerbait gertatu bide zaio gure Victoriacori. Norbait lurrazpitik Victoriacum izan daitekeen zerbait atera arte, aldiz, gure irudimenean bakarrik biziko da hiri hura.
Albiste hau Peru Amorrortu Barrenetxea ALEAren kolaboratzaileak argitaratu du. Bere bloga eta artikulu guztiak hemen dituzu ikusgai.