2020 urtea ez dugu erraz ahaztuko. Hilabete eskas batean atea itxiko diogu hamarkada berri honen lehenengo urteari, atsegin handiz gainera. 2020 urtea… zientzia-fikzioko pelikuletan hegan egiten zuten autoak eta etxeko atazak egiten zituzten robotak aurkezten zizkiguten urte honetarako. Lurzorua garbitzeko xurgagailu sasi-autonomoak izan ezik, aurreikuspenak ez dira oso zuzenak izan. Garraiobideen kutsadura zein efizientzia arazoak bertan ditugu oraindik, eta etxeko zereginetan berdintasuna lortzeko bidea partekatzean egongo dela dirudi, robotei esleitzean baino.
Hala, badirudi gizakiok txapelketa galtzen gaudela etorkizunerako geneuzkan xedeen kontra. Eta munduak nahiko argi utzi ez bazuen, pandemia bat bidaltzen digu espezie bezala ditugun ahultasunak ageriago uzteko. Entzuteko gai izango bagina, honelako zerbait esango liguke: "Zuek, gizakiak, garatu duzuen teknologiaz harro egongo zarete, baina benetan larriak diren arazoei aurre egiteko dituzuen gaitasunak ezer gutxi hobetu dituzue".
Ea bada, ez gara hain ezkorrak izango. Aitortu behar da medikuntzak eta detekziorako zientzietan egin ditugun aurrerakuntzek pandemiaren kontrako borrokan lagundu dutela. Informazio-teknologiek ere lagundu nahi izan dute kutsatuen arakatze prozesuan, adibidez. Gero, biztanleok, aplikazio hauen arrakasta zapuztea erabaki dugu, paso egiten. Hori bai, gure behar sozialekin laguntzen gaituzten lanabesetan guztiok eguneratu gara, eta bideo-deiak eta urrutiko bilerak egiteko aukera guztietan master bat egin dugularik.
2021ean ipini behar dugu fokoa jada, eta onartu beharko dugu alde batetik, birusa oso eroso dagoela gure bizikide izaten, eta bestetik, ez garela uste genuen bezain espezie garatua. Gure teknologia arazo biologikoetarako ez dela espero genuen bezain indartsua. Pandemiarekin amaitzeko gai izango gara, ziur, eta horretara bideratutako asmakizun eta lanabes berriak garatzeko gai izango gara. Baina argi geratu da zientzia munduan egin ditzakegun aurrerakuntzak baino garrantzitsuagoa direla norbanakoaren erantzukizuna, enpatia eta jarrera egokiak. Eta hori ez dago hobetu dezakeen teknologia berririk…