Teknologiak eguneroko aktibitate fisikoaren parte handia aplikazioen bidez, hau da, mugikorren bidez egindako zereginetan bihurtzea lortu du. Honen adibide bat, Geocaching aplikazioa da.
Zer da, ordea, Geocaching? Wikipediak esaten duenaren arabera, Geocaching edo Ginkhana mundu mailako Altxorraren Bila jolas ezagunaren bertsio berria da, GPSaren laguntzaz. Ginkhana ez da kontzeptu berria, baina GPSak joko hau beste dimentsio batera pasatzeko aukera ematen du.
Edozeinek hartu dezake parte bai altxorrak ezkutatuz beste batzuk aurkitu ditzaten, bai beste pertsona batzuk ezkutatutakoak aurkitzen ere.
Horretarako, Geocaching aplikazioa deskargatzea besterik ez da behar. Behin aplikazioarekin inguruan dituzun altxorrak ikusteko gai izango zara, eta bakoitzaren zailtasuna eta tamaina ere ikusi ahalko dira.
Behin helburua aukeratuta, tokia aurkitu eta altxorra bilatzen saiatu behar da. Horretarako gehienetan aplikazioan pistak emango dira.
Aurkitutakoan, altxorren barruan zure izena eta data idazteko aukera izango duzu, eta, horretaz gain, aplikazioan jarri dezakezu lortu duzula. Horrela, nolabaiteko interaktibitatea lortuko da parte hartzen duten lagunen artean, elkar ezagutzen ez badute ere.
Hori bai! Behin aurkituta, altxor barruan dagoena berriro bere tokian utzi behar da, eta zerbait hartzekotan, hartutakoaren ordez uzten dugunak hartutakoak baino balio handiagoa izan behar du.
Esan bezala, Geocaching mundu mailako jolasa da, eta beraz, edozein tokitan aurki daitezke altxorrak. Esaterako, Gasteizko hirian bertan altxor ugari eta mota askotakoak daude. Beraz, urrunera joan gabe abentura politak bizi daitezke. Hau izan daiteke teknologiak eta jolasek bat egiten duten adibide bat. Gaur egun, baina, egon badaude teknologiak esperientzia berezia ematen dioten bestelako jolasak; batzuk berriak dira, beste batzuk, ordea, betikoak.
Hau da, beraz, teknologia gure bizitzetan hartzen ari den presentziaren beste adibide garbia. Eguneroko ia arlo guztietan sartu da eta beti bizi izan ditugun esperientzia askori buelta eman die.
Erronka onartzeko prest?