Eta orain... nola saldu?

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Sanchez 2020ko uzt. 14a, 10:41

Arg: Pixabay

"Agian online saltzen duten enpresetatik ikasteko unea da"

Covid-19ak pikutara bidali digu urtea. Kontrakoa esaten duena beste planeta batean bizi da edo maskarak saltzen ditu. Dena delakoa, oraindik uztailean gaude eta enpresen ikuspegitik urtea libratu behar da. Ekonomia berreskuratzea eta dirua "mugitzea" inoiz baino garrantzitsuagoa bihurtu da… baina egoerak ez du laguntzen.

Enpresen eta komertzioen ikuspegitik egoerari buelta emateko konfinamenduaren asteetan galdu diren salmentak berreskuratu behar dira. Errealistak izanda, ziurrenik ezin izango da osoa berreskuratu, eta argi dute salmenten eta bezeroen murrizketa bat jasango dutela. Baina ezin dute amorerik eman eta salmentak areagotzeko momentua da. Eta zer da saltzeko prozesuan gehien laguntzen duena? 

Salmenta prozesuetan, bai salmenta sinpleetan zein konplexuetan, harreman pertsonalak jokatzen zuen paperari ez genion behar bezalako garrantzia ematen. Ziurtzat jotzen genuen produktu edo zerbitzuen aurrez aurreko aurkezpen bat egiteko aukera egongo zela, eta orain ikusten ari gara urruneko aurkezpenak eta azalpenak bezeroa konbentzitzeko oztopo bat direla. Mozten diren bideo-deiek, kalitate eskaseko kamerek, logelako zein egongelako atzealdeek… ez dute laguntzen. Are gehiago enpresa baten bezero potentzialak ez badira mundu informatikoan eroso mugitzen. Denok ikusi izan dugu nola printzipioz erraza izan beharko liratekeen QR kodeen bidezko menuen irakurketak odisea moduko bat bihurtzen diren zenbait mahai-lagunentzat. Askok pentsatuko dute: jada zailak bihurtu diren eguneroko ekintzei nire ezjakintasun teknologikoa publikoki aurkeztu behar baldin badut, hobe etxean geratu.

Baina birus honek bidean jartzen dizkigun erronkei aurre egin behar diegu, ikuspegi guztietatik. Amore ematea ez da aukera bat. Beraz, bai enpresek, komertzioek, jatetxeek zein bezeroek esfortzu txiki bat egin beharko dugu ekonomia guztiz hoztu ez dadin. Agian online saltzen duten enpresetatik ikasteko momentua da. Nola saltzen dute bezeroa fisikoki inoiz ikusi gabe? Nola erosi eskuetan izan ez duten produktu bat? 

Harreman pertsonala guztiz galdu gabe, noizbait normaltasun berria normaltasun zaharrera bueltatuko baita, urruneko salmenta indartzeko unea da. Aukera bat bezala ikusten badugu, fisikoki gertu ez dauden bezeroak erakartzeko bidea izan daiteke. Momentu honetan eta etorkizunean ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago