Etengabeko aldaketak

Erabiltzailearen aurpegia Ione Bahon Bravo 2020ko mai. 31a, 08:30

Arg:Pixabay

"Aldaketek noberaren burua berrikusi, gainditu eta ikasteko aukera bultzatzen  dute"

Jakina da azken hilabeteotako egoerak zeharo eraldatu duela gure egunerokotasuna, ezinezkoak irizten genituen agertokiak planteatuz, ziurtzat emandako aukerak kolokan jarriz eta distopia hautemangarri bilakatuz. Horrenbestez, enpresen jardueran eta lan egiteko moduetan ere ezinbestean jazo dira aldaketak. Hasieratik etorkizun hurbila lausotuta agertu izan da, honi modu eraginkorrean erantzuteko baliabideak zanpatuta ziruditela maiz, baina, aitzitik, irtenbidea aurkitu eta onik ateratzeko bideak aurki daitezkeelakoan nago; esaterako, ezaguna bazuten ere orain arte baldintza zehatzetara mugatzen zuten telelanaren alde apustu egin behar izan dute erakunde askok.

Izan ere, enpresek, edozein entitatek bezala, beharrezkoa dute malgutasuna garatzea, egoera berriei aurre egin eta moldatzea, nekez biziraun baitezakete gurea dugun egoera aldakor honetan. Biziraupen hau ez da (eta ez du izan behar), soilik ekonomikoa, baizik eta enpresak ingurunea eta gizartearekin elkarreragiten duen heinean bere erantzukizuna duela onartu eta hauetara egokitzea da. Sor ditzakeen kalteak ekiditen saiatu ez ezik onurak ere izateko, nahitaezkoa da zuzenean bere ekintzetatik eratortzen ez diren errealitateak bere gain hartzea.

Agerian geratu da oraingoan: osasuna edo bizitza jokoan dauden ustea zabaltzen denean, pisua galtzen du etengabe eta uneoro ekoiztera eta kontsumitzera bultzatzen gaituen indarrak, geldiagotu egiten da bizi-erritmo frenetikoa. Eta honek ez du zertan negatiboa izan. Are gehiago, beste aldagai batzuk ere kontuan hartzea ahalbidetzen da, askotan merezi duten arreta jaso izan ez dutenak, hala nola lan-bizitza eta familia uztartzea, gure aisialdia edo gainontzekoekiko harremanak, beste batzuen artean.

Aldaketek, orokorrean, etengabeko hobekuntza bultzatzen dute, norberaren burua berrikusteko, gainditzeko eta ikasteko aukera. Printzipioz kaltegarria izan daitekeen gertakaritik emaitza positiboa lor daiteke erresilientziaz murgiltzen bagara bertan, eta hori da, hain zuzen ere, egoera honetan ondorioztatu genezakeena. Ingurunea eta langileentzat mesedegarriagoak diren lan egiteko moduak aurkitzea da, hortaz, xedea. Hautabiderik ez duelako bada ere, enpresak barneratu beharra dauka ingurugiroaren premietara erantzuteko garrantzia, alegia, inoiz baino gehiago azkenaldian nabarmendu den bezala, pertsonon eta inguruaren ongizatea dela funtsezkoena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago