Etxean preso gauden egunotan, normaltasun egoeran burutzen dugun edozein ekintza aspergarri luxu bilakatu den momentuotan, konturatzen gara ez dakigula daukaguna estimatzen galtzen dugun arte. Zein erakargarri eta aldi berean zein iritsezin dirudien bizitza guztian hor bertan izan dugun mendiak, baina noski, orain arte garrantzi handiegirik eman ez diogunak. Eta nola ez, egunotan ohikoa da urte hasierako asmo faltsuen antzera, presoaldi hau bukatzean jendeak mendira egingo dituen "milaka" irteeren berri izatea.
Jakina da Euskal Herriak lotura handia izan duela mendiarekin betidanik. Horren erakusgarri da hain herri txikia izanda ere, puntako euskal alpinisten kopuru ikaragarria. Alabaina, harrigarria izaten jarraitzen du Euskal Herriko edo kanpoko mendietara joan eta han eta hemen horrenbeste euskara entzuteak. Ni neu, bitartekarien beharrik gabe, harrituta geratu izan naiz, Euskal Herritik hiru edo lau ordura dagoen Pirinioetako gailurrera heldu eta gure mendi batean bageunde bezala sentitzearekin; menditik bizi den Frantziako Gavarnie herrira joan eta edozein tabernatan gure hiriek bere nahiko luketen euskararen erabilera maila aurkitzearekin; edota behinola euskalduna izandako Vall d’Aran-en, hortik bere izena, eski egun batean Ibilaldiaren edizio baten beste euskal kuadrilla ikustearekin. Hau da, ez dakigu zergatik izango den, baina mendiak euskara normalizatu egiten duela dirudi.
Mendiko euskararen erabilera zabal honen arrazoiak misterio bat izaten jarraitzen du oraindik. Beharbada mendia euskal herritar guztien afizioa izan beharrean, bereziki euskal hiztunon afizioa da, edo mendian hain ohikoa den Aupa-k ostean datorren elkarrizketa guztia baldintzatzen du, edota Ternuako kolore biziak janzteak konfiantzaz betetzen gaitu indar magiko batekin.
Zernahi dela ere, misterio honek, duda izpirik gabe, ikertzeko moduko gai bat dirudi. Hartu beharreko neurriak hartuz, mendira joatear dauden milaka pertsona horiek mendiko euskararen erabilera gure hirietara bueltan ekartzea oso albiste ona izango litzatekeelako, urte batzuen buruan ez ditzagun izan gure herrian bertan Vall d’ Vitoria edota Vall d’ Bilbao, hau da, Haran Aranarekin gertatu bezala, izenez euskaldun, baina izanez guztiz erdaldun diren hiriak. Tradizioarekin apurtuz, espero beste behin beranduegi ez konturatzea behin gurea izan zen horrek urrea balio zuela.