Lanpostu bat lortzeko prozesuan lan-elkarrizketa etaparik garrantzitsuena da. Lanpostu baten bila egon den edonork daki elkarrizketa horren arabera dena aldatu daitekeela, lanpostutik gertuago egon zaitezke edo betirako galdu zure aukera guztiak. Enpresak, are gehiago tamaina handikoak eta multinazionalak, etengabe daude langile berriak bilatzen, hautagaiekin behin eta berriro antzeko lan-elkarrizketak egiten. Horregatik, zeregin hau optimizatzea beste negozio-prozesuak optimizatzea bezain garrantzitsua eta interesgarria da. Nola egin daiteke? Adimen-artifizialean dago erantzuna.
Merkaturatzen hasi dira langile berrien aukeraketa prozesuetan aplikatu daitezkeen adimen-artifizialean oinarritutako erremintak. Prozesua hurrengoa izango litzateke: langile berriak aukeratzeko arduradunak (gaur egun oraindik ere gizaki bat izan ohi dena) galdera sorta bat diseinatzen du, erremintari ematen dio, eta hautagaiak heldu ahala galderak bidaltzen zaizkie. Hauek grabazio bat egiten dute erantzunekin, eta algoritmoak aldagai ezberdinak hartuko ditu kontutan aukeraketa egiteko. Aldagai hauen artean keinuak, ahoskera eta erantzunen "zuzentasuna" daude, beste askoren artean. Zuzentasun bezala hautagaiaren ezaugarriek eta lanpostuaren errekerimenduek bat egiten dutela ulertu behar dugu.
Metodologia honek abantaila asko ditu, baita kritikagarriak izan daitezkeen beste aspektu asko ere. Argi dago denbora asko aurrezten dela hautatzailea eta hautagaia fisikoki elkartu behar ez direnean, bakoitzak erabakitzen duen momentuan egin dezake eta. Baina bat-batekotasuna eta urduritasunari aurre egiteko gaitasuna baloratzeko aukera galtzen da? Segur aski baietz. Faktore askok baldintzatu dezakete hautatzailearen lana. Jarrera edo aurreiritziak adibidez. Hautagaien artean parekotasun handiagoa lortzeko aukera dago, algoritmoa ez baita nekatuta edo kopetaraino egongo. Baina egia da elkarrizketa batek duen gizatasuna edo ulermen gaitasuna galtzen dela, eta ez beti hoberako.
Beraz, eboluzioa edo inboluzioa? Ez bata, ez bestea. Hautagai kantitate galanta duten prozesuetan, adibidez, egokia izan daiteke horrelako soluzioak aplikatzea lehenengo behaketa egiteko orduan, baina hautagaia egoki ezagutzeko (etorkizunean langilea izango dena), beharrezkoa da, edo behitzat gomendagarria, aurrez aurreko giza-topaketa bat izatea.