Ba al zenekien?

Erabiltzailearen aurpegia Oreka IT 2019ko urr. 6a, 07:00

Irailean Europako Ingurumen Bulegoak etengabe erabiltzen ditugun lau gailuk sortutako kutsadurari buruzko txosten berria argitaratu zuen. Dokumentu honetan mugikorrek, ordenagailuek, garbigailuek eta xurgagailuek berotze globalean duten efektu potentzialei buruzko datu harrigarriak ematen dira. Hamazortzi orriko txosten honetan azaltzen digutenez, orokorrean, gailu hauen biziraupena luzatzea berri bat erostea baino ekologikoagoa da. Zeintzuk dira hau baieztatzeko arrazoi nagusiak?

Alde batetik, teknologia berriek eskatzen duten errendimendu bortitzari erantzuna emateko gailu ahaltsuagoak behar dira, eragiten duten aztarna ekologikoa larrituz. Bestetik, urtean biltegiratuta dauden produktuak, benetan saltzen direnak baino askoz gehiago dira, garatzaileek etengabe ateratzen baitituzte produktu berriak merkatura. Adibide bat jartzeko, Europako Batasunean biltegiratuta dauden ordenagailuen kopurua saltzen diren kopuruaren boskoitza da.

Datu harrigarri gehiago ematen dizkigute. Gailu hauek sortzen duten berotze efektu potentziala haien bizitza osoan banatzen bada, mugikorren kasuan efektu honen ia hiru laurdenak produktua erabiltzen ez den etapari dagokie. Ba al zenekien lau mota hauetako dispositiboen erabilera urte bat luzatuko bagenu, bi milioi autok eragiten duten kutsadura ekiditea bezala izango litzatekeela?

Beraz, kontsumitzaile arduratsuak heztea inoiz baino garrantzitsuagoa da. Bulego honek ematen dituen datuen arabera, mugikor batek eragiten duen aztarna ekologikoa konpentsatzeko hogeita bost urte pasa behar dira. Errealistak izanda, argi dago ez ditugula hainbeste urte emango mugikor berarekin, baina gaur egun kontsumismoaren aldeko jarrera hau aldatu behar dugu. Garbigailu edo ordenagailu bat apurtzen denean hau konpontzen saiatu behar gara, automatikoki berri bat erosi baino lehen. Azken asteotan ematen ari diren ingurumenaren aldeko mugimenduek behin eta berriro ohartarazi gaituzte: gure planetaren baliabideak mugatuak dira, eta naturan zein kliman eragiten ari garen kalteak konponezinak izateko puntura heltzen ari dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide