Asko dira udako hilabete hauetan bidaiatzeko aprobetxatzen dutenak. Urte osoan lanpetuta egon eta gero, eguraldi aparta eta eguzki ordu gehiago dituzten egunak arrazoi nahikoa dira leku berriak ezagutzeko. Zure helmuga hiri berriren bat izan bada, agian turismoa egiteko modu berriak ezagutu dituzu, edo harritu zara teknologiak alor honetan hartu duen papera ikustean. Bidaiariak ibilbideekin laguntzeko aplikazioak, monumentu edo lekuren bati buruzko informazioa lortzeko QR kodeak edota esparru publikoetan wi-fi sareetara konektatzeko puntu publikoak ikusi badituzu, smart city batean egon zara. Baliteke bizi zaren hiria, gainera, "hiri inteligentea" izatea.
Teknologia berri hauek hirien antolamendu eta prestazioetan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira. Berrikuntza teknologikoak hiritarren bizi-kalitatea hobetzera edo energetikoki efizienteagoa izatera bideratuta badaude, smart city bati buruz ari gara. Edo izateko bidean dagoena. Ohituta gaude teknologia berriak gure eguneroko bizitzan sartzen, eta ez gara konturatzen bizi garen hiri edo herria ere "teknologikoa" bihurtzen ari dela. Udal askok, adibidez, kaleko argiei sentsoreak jarri dizkiete argi naturalaren edo jendetzaren arabera pizteko, energia aurrezteko helburuarekin. Beste adibide bat trafikoa bideratzeko teknologiak dira. Biztanleria eta ingurunearen datuak denbora errealean jasotzen, aparkalekua aurkitzeko aplikazioak eskaini edo airearen kutsaduraren arabera autoen kontzentrazio maila kontrolatu daiteke.
Mundu osoan gero eta hiri gehiago digitalizazioaren bidean daude, hirietan gero eta larriagoak diren arazo askori konponbideak eskaintzen baititu. Segurtasuna hobetu, kutsadura murriztu, denbora aurreztu edo zaborren kudeaketa hobetu daiteke.
Dena den, zibersegurtasun arloko adituek eskua altxatu dute: hirietan denbora errealean gero eta datu gehiago jasotzen dira, eta datu horien babesa ere garrantzitsuagoa izan behar da. Oinarrizko ezaugarria, alegia. Zer gertatuko litzateke hiri oso bat hackeatuko balute?