Osasuna aztergai

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Amadoz 2019ko uzt. 15a, 13:59

"Azterketa epidemiologikoek ez dute erakusten minbizi kasu gehiago dagoenik".

Norvegiako aditu talde batek baieztatu du mugikorrak eta wifi-sareak seguruak direla osasunerako. Gobernuaren eskariz egindako ikerketaren emaitzek hori ondorioztatu dute; azterketan, aditu batzordeak aintzat hartu ditu maiztasun txikiko erradiazio elektromagnetikoa igortzen duten teknologia ohikoenak, hau da, telefono mugikorrak, wifi-sareak, mugikorren antenak, ikus-entzunezkoen antenak eta beste komunikazio-tresnak. Horiek guztiek osasunean izan dezaketen eragina aztertzeaz gain, osasun-arriskuen kudeaketari eta araudiari buruzko aholkuak ere eman ditu batzordeak.

Batzordea, osasun zerbitzuetako eta garraio eta komunikazioetako zenbait adituk eta ikertzailek osatu dute, Jan Alexander Norvegiako Osasun Saileko zuzendari nagusiordeak zuzenduta. 

Gai honen inguruko hainbat ikerketa egin dira orain arte, hala ere, Norvegiako adituek egindako azken azterketa hau sakonenetakoa eta berriena izan da. Aurretik egin diren beste ikerketek ondorioztatutakoa berretsi egin du azken azterketa honek ere: teknologia horiek osasunari kalte egiten diotela erakusten duen froga bakar bat ere ez dagoela egiaztatu dute.

Ikerketa gehienak erradiazioa minbizi-eragilea ote den ikusteko egin dira, eta pertsonetan, animalietan, zeluletan eta baita DNAn ere aztertu da maiztasun txikiko erradiazio elektromagnetikoak duen eragina. Ikerketa batzordeak ondorioztatu du ez dagoela esaterik tresna horiek erabiltzeak minbizia izateko arriskua areagotzen duenik.

Azken urteotan mugikor erabilera izugarri handitu egin da, eta azterketa epidemiologikoek ez dute erakusten minbizi kasu gehiago dagoenik. Ikerketa hauetako batzuk oso luzeak dira (20 urtekoa da luzeena), eta beste batzuk haur eta gazteekin ere egin dituzte, eta inongo kasutan ez dute erlaziorik ikusi mugikorrak erabiltzearen eta minbiziaren artean.

Erradiazio eragina neurtzeaz gain, araudia ere aldagai gisa aztertu du aditu batzordeak. ICNIRPk (Erradiazio Ez-ionizatzailetik Babesteko Nazioarteko Batzordeak) ezarritako segurtasun-mugak nahikoak direla adierazi du ikerketak. Horretaz gain, teknologiek baimentzen dutena baino askoz ere potentzia txikiagoa erabiltzen dutela baieztatu dute adituek. 

Horrenbestez, aditu batzordeak adierazi du  maiztasun txikiko uhin elektromagnetikoak igortzen dituzten tresna teknologikoak seguruak direla.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago