Aurrekoan eskoletan mugikorren erabileraren inguruko hausnarketa motz bat egin genuen. Adin txikikoek teknologia berriekin duten erlazioaren inguruan gogoeta sakona egin daiteke, baina Sillicon Valley-tik datorren berri honek umeen eta mugikorren arteko harremanak dakartzan arazoetan sinesten duten iritziak indartzen ditu: teknologia berri asko sortzen diren lekuetako enpresaburu eta zuzendari goren ugarik mugatu egin dute haien seme-alabek pantailen aurrean ematen duten denbora.
Egoera aldrebestu egin da. Eskola publikoek teknologia berriak eskaintzeko esfortzua egiten duten bitartean, klase altuko eskola askotan tabletak eta arbel digitalak kentzen ari dira. Teknologia berrien garatzaileek, baita psikologo askok ere, uste dute umeak pantailen aurrean hezitzeak ez duela ondorio onik izango, horregatik, nerabeak izan arte ez dizkiete mugikorrik edo ordenagailurik ematen. Helduak izan arte, nolabaiteko kontrola defendatzen dute.
Fenomenorik harrigarriena: badirudi seme-alabak pantailetatik urruntzearena dirudunen aukera bihurtu dela, errekurtso ekonomiko murriztuak dituzten gurasoentzat ez bezala. Duela urte batzuk nerabe batek mugikorra edukitzearena goi-klaseko familietan bakarrik ematen zen, bestelako gurasoentzat eskuraezina baitzen. Gaur egun, digitalizaziotik urruntzen diren eskolak elitekoak eta garestienak direla dirudi. AEBetako familia aberatsen haurtzain askok debekatuta daukate umeak zaintzen ari diren bitartean mugikorra edota telebista erabiltzea, eta baldintza hau kontratuan daukate idatzita. Etxetik kanpo egun osoan lanean direnek, aldiz, zailagoa daukate haien seme-alaben gaineko kontrol hau eramatea, are gehiago zaintzaile bat kontratatzea.
Adin txikikoetan aditu diren psikologo askok diote jaiotzetik pantaila baten aurrean egoteak garapen eta sozializazio arazoak ekar ditzakela, edo behintzat, ez ditugula ezagutuko honen inguruko ondorio errealak gaur egungo gazteak helduak izan arte. Horregatik, pantailen aurreko hezitze-prozesuak zer dakarren ikusi arte jarrera defentsiboa hartzeko gomendioa ematen dute. Baina, paradoxikoki, ahalmen ekonomikoak mugatzen du berriz ere, pantailarik gabeko heziketa bat eskaintzea.