13. artikulua

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Sanchez 2019ko api. 6a, 09:00

"Plataforma handiek beste merkatuetara so egingo dute, europearren kalterako"

Egun gutxi pasa dira Internetek 30 urte bete zituela, eta, pertsona bat urteekin aldatzen den moduan, badirudi orain arte ezagutu dugun Interneta desagertzear dagoela. Zergatik? Orain dela gutxi Europako Parlamentuak copyright-aren inguruko araudi berri bat onartu duelako.  

Araudi berri hau onartu baino lehen, mundu digitaleko edukiak 2001eko Ecommerce-eko legediak arautzen zituen, eta, honen arabera, erabiltzaileak ziren edukien gaineko erantzukizuna zutenak. Esate baterako, sare sozialetan publikatzen zen edukiaren erantzulea argitaratzen zuen pertsona zen, eta plataforma digitalek kexak eta erreklamazioen osteko edukien ezabaketa egin zezaketen bakarrik. Baina legedi berri honen 13. artikuluak dio orain edukien erantzuleak plataforma digitalak direla. Hau da, copyright-aren inguruko arau-hausterik egonez gero, haiek dira izugarrizko isunak ordaindu beharko dituztenak. Araudi honen onarpenak liskarra piztu egin du.

Antza denez, artikulu hau indarrean sartzen den unetik, sare sozialek zein bestelako plataforma digitalek automatikoki edonolako copyright-a duen edukia ezabatuko dute. Hori eta gero, eduki hauen sortzaileek ezabapen hori aurkeratu beharko dute. Are gehiago, plataforma digitalek ez dute bermatzen inpugnazio hori denbora laburrean konponduko dutenik. Ezabapena algoritmo batek eginen du, eta, ondoren, berrikusketak gizaki batek egingo ditu, horregatik inpugnazioa luzatu egingo da.

Horrela, YouTuben edukia egiten duten erabiltzaileak aldarrikapenekin hasi dira, makina bidezko filtro horrek "zentsura" egiten duela uste dutelako. Badaezpadako ezabatzeak, gaur egungo Internetaren amaiera ekarriko luke, kasu askotan araudia urratu ez bada ere. Gauzak horrela, plataforma handiek badakite Europako merkatuan lan egitea zaila izango dela, eta beste merkatuetara so egingo dute, europarren kalterako. 

Eduki originalen egileak errespetatu behar direla argi dago (musikariak, idazleak, zuzendariak...) Baina, non dago muga haien lanen gaineko etekinen artean eta sorkuntza horiekin egindako beste edukien gaineko askatasunaren artean? Pelikula baten kritika egitean eszenaren bat erabiltzen bada, copyright-a hausten da? Kanon bat ordaindu behar da? Zuzenean ezabatu behar da eta berrikusi ea araudia betetzen den?

Argi dago Internetek askatasun zein arazo pila bat aurkezten dituela eta honen aurrean jarrera proaktiboa hartu behar dela, baina askotan, hartutako neurriek arazoek baino liskar gehiago sortzen dituzte. Ikusteke dago zer gertatuko den artikulu polemiko honekin eta ekar ditzakeen ondorioekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago